Gazte lokalak arautzeko ordenantza onartu du Udalak, behin-behinean

Uztarria.eus 2014ko api. 2a, 15:19
Hogeitik gora gazte lokal daude Azpeitian.

Hilabete batzutako parte-hartze prozesua gauzatu du Udalak, gazteekin eta lokalak dituzten gaztetxoen gurasoekin, eta bilera horietan jasotako ideia eta proposamenekin osatu dute araudia. Udalean ordezkatuta dauden alderdiek ordenantzaren aldeko eta kontrako jarrerak azaldu dituzte, eta "herriko ostalari batzuk ados ez egoteko eta triste egoteko arrazoiak" dituztela adierazi diotela jakinarazi du EAJk.

Atzoko udalbatzarrean onartu zuten, behin behinean, gazte lokalak arautzeko ordenantza, Bildu eta Hamaikabat alderdietako ordezkarien aldeko botoekin (EAJk kontra bozkatu zuen). Joan den azaroan jakinarazi zuen Udalak gazte lokalen erabilera arautzekoa zela, modu horretan, lokalen eta bizilagunen arteko bizikidetza bermatzeko, gazte lokaletan sor daitezkeen arazoak murrizteko eta higienea, bizigarritasun, erosotasun eta segurtasunari dagozkion baldintzak betetzeko.

Hilabete batzutako parte-hartze prozesua gauzatu du Udalak, gazteekin eta lokalak dituzten gaztetxoen gurasoekin, eta Imanol Amenabar Gazteria saileko zinegotziak jakinarazi duenez, bilera horietan jasotako ideia eta proposamenekin osatu dute araudia.

Amenabarrek araudiaren hainbat puntu nabarmendu ditu, eta aurrerantzean honako betebeharrak izango dituzte egun dauden, aurrera begira irekitzen diren eta titularitate aldaketa izaten duten gazte lokalek: gune guztiek kontratua eta asegurua izan beharko dute; azpiegiturei dagokienez, lokal guztiek komuna eta ur-hartune bat izan beharko dute, egoera onean dauden su hitzalgailuez gain. Sukaldea duten lokalen kasuan, erabiltzaileek 18 urte izan beharko dituzte eta eraikineko jabearen idatzizko baimena aurkeztu beharko dute. Gainera, kasuz-kasu aztertuko dute bakoitza, eta elkarte gastronomikoen neurri berdinak bete beharko dituzte (ke kanpaia eta eraikinaren teilaturainoko tximinia izan behar dute sukaldeko instalazioek, eta instalazio ziurtagiria ere eskatuko dute). Horrez gain, lokal horiek ikuskatuko ditu Udalak urtean behin.

Ordenantza herrigunean zein industria izaerako lurretan dauden gazte lokal guztientzat da. Ordenantza indarrean jarri eta hilabeteko epea izango dute gazte lokaletako ordezkariek, lokaletara iritsiko zaizkien edo Gazte Informazio Bulegoan eskuratu daitezkeen erregistro fitxak bete eta bulego horretan bertan aurkezteko.

Aldekoak eta kontrakoak

EAJk lokaleten sukaldeak jartzea ez duela "batere egoki" ikusten azaldu zuen atzoko udalbatzarrean: "Talka egiten du elkarte gastronomikoekin eta ostalaritzako hainbat establezimendurekin. Azken horiei, gainera, neurri oso gogorrak eskatzen zaizkie". Bestalde, "ez dakigu zenbatgarren ordenantza den, eta nork betearaziko du hau?" galdegin zuen Aitor Gorrotxategi EAJren udal bozeramaileak. "Inork ez dugu enfrentamendurik nahi, baina honek betearazpen maila oso altua eskatzen du, eta horregatik bozkatuko du gure alderdiak ordenantza honen kontra".

Azpeitiko ostalari batzuk araudi berriarekin "ados ez egoteko eta triste egoteko arrazoiak" dituztela, eta bizikidetzari lotutako helburuei "beste zenbait puntu erantsiko genizkieke ostalaritzarekin ere bizikidetza partekatu dadin", azaldu diote EAJri, jeltzaleek komunikabideei bidalitako oharrak dioenez: "Jakinekoa da lokal horietan tabernetan debekatuta dauden zenbait gai kontsumitzen direla. Besteak beste, tabakoa. Lokalak aireztatuta egotea eskatzen da, tabernetan erre ezin denez, lokaletan erretzea ahalbidetuz".

"Ez dugu nahi puntuz puntuko balorazioa egin, gure asmoa ez baita inoren aurka egitea, baizik eta daukaguna ez galtzeko bideak egitea", esan dute. Dena den, ordutegiaren inguruko araudiaren aurrean "ulertu ezina" azaldu dute: "Tabernak zabalik izateko eta bertako musika martxan edukitzeko arau batzuk bete beharra daukagu, eta lokaletan, ulertu dugunaren arabera, 22:00etatik 09:00etara ezingo da zaratarik egin. Baina, eguneko ordurik isilenetan egon al daiteke esna hamaika orduz zaratarik egin gabe", galdetu dute EAJk jakitera eman duenez.

Hamaikabateko Aitor Arangurenek ordenantzaren aldeko bozka eman zuen atzoko plenoan, "zalantzarik gabe gazte lokalen erabilera arautzea beharrezkoa" delako. Imanol Amenabarrek "lan ona" egin duela esan zuen, nahiz eta sukaldearen gaian, egoeraren arabera, "zirrikituak badiren araudian". Hori, "ikuskaritzarekin, jarraipena eginda, sahiesten" dela adierazi zuen Arangurenek, eta araudiak onartuta dagoela, baina bete daitezen "jarraipena" eman behar zaiela esan zuen.

Eneko Etxeberria alkateak ere hartu zuen hitza: "Existitzen den errealitate bat arautu dugu, ez gara errealitate berri bat sortzen ari, sukaldeak existitzen dira, ordutegirik ez dute, erre egiten da... Ez arautzearekin ez da hori aldatuko, ez desagertuko". Etxeberriaren aburuz, "beharrezkoa" zen arautegia jartzea eta hori betetzea, "baina gauza guztien moduan ikusiko dugu betetzen den ala ez". "Gazte lokala edukitzea eskubidea da, baina eskubideak beti dakar betebeharra, eta horiek bete egin beharko dituzte", azaldu zuen.