Egia jakiteko, Azpeitiko memoria historikoa aztertuko du Aranzadik

Urola Kostako Hitza 2014ko api. 2a, 18:37
Azpeitiko Udaleko ordezkariak eta Aranzadikoak gaur, udaletxean. (Nerea Uranga)

Azpeitiko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin memoria historikoaren inguruko hitzarmena sinatu dute, Azpeitia Gerra Zibilean eta oroimen historikoa aztertzeko; hau da, 1936-1945 urteetako udalerriko errealitatea ikertzea eta ezagutzea du helburu.

Atzo udalbatzarrean aho batez onartu zuten akordioa. "Azpeitiarroi ere iritsi zaigu memoria historikoa lantzeko ordua, beste leku askotan egin da. Seguruenik aurretik eginda beharko luke, baina inoiz ez da berandu", esan du Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak.

Hitzarmen honek, besteak beste, "behar pertsonal bati" erantzungo diola esan du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, "nire familian izandako gertaerengatik beti izan dut beharra gai honi heltzeko. Etxean beti entzun dut: alde egin behar izan zutela eta Bilbon izan zirela gerran. Eibartarrekin egin zutela borrokan; Santoñan egon zirela, han itsasontzi batean kartzeleratuta eduki zituztela; eta, gero etxera itzuli zirela. Beldurra pasatu zutela, eta derrigortuta pasatu zena ahaztu beharra izan zutela". Udal bezala ere, uste du alkateak, "zer gertatu da?" galderari erantzun behar zaiola. "Gainera, uste dut, garai hauetan oraindik eta indar gehiagorekin erantzun behar zaiola", esan du. Berriro ez gertatzeko atzera begiratu beharra dagoela esan du Etxeberriak, "denok gutxienez elementu objetibo batzuk ezagutu behar ditugu. Ez dakigu zer gertatu zen, eta urte asko pasatu diren arren, oraindik ere jakin gabe gaude. Uste dut gutxieneko eskubidea dela egia zein den ezagutzea. Gero, bakoitzak baloratuko du. Baina, gure egin beharra da egia ezagutzeko eskubidea gauzatzea, eta hori uste dut udalaren lana dela". Ondoren, "justizia letra handiz egiteko" ezinbestekoa da egia ezagutzea alkatearen ustez. "Zoritxarrez, gaur egun Azpeitian eta Urolan egia osoa ez dugu ezagutzen, eta gure herritarrek badute hemen 1936. urtean zer gertatu zen jakiteko eskubidea". Horretarako, Aranzadirekin elkarlanean aritzea erabaki du udalak.

Albistea osorik Urola Kostako Hitza-ren webgunean.