Bailarako ostalaritza sektoreari zuzendutako topaketa egingo dute, asteartean

Uztarria.eus 2014ko api. 2a, 19:37

Urola Gustagarri egitasmoaren baitan antolatu dute ekimena, eta helburua da ostalaritza sektoreko enpresei bertako produktuak eta ekoizleen lana ezagutzera ematea. Apirilaren 8an izango da 18:00etan, Larrañaga hotelean.

Urola Erdiko bailarako ostalariei zuzendutako topaketak egingo dituzte datorren asteartean, hilak 8. Urola Gustagarri egitasmoaren baitan antolatu dute Urkomek eta Iraurgi Berritzenek topaketa hau, ostalaritza sektoreko enpresa guztiei bertako produktuak eta ekoizleen lana ezagutzera emateko helburuarekin. Bailarako jatetxeetako, tabernetako eta hoteletako enpresariak bilduko ditu topaketak, besteak beste.

Larrañaga hotelean egingo dute, eta euren produktuak aurkeztuko dituzte Urkaiko kooperatibak (Urola Kostako ganaduzaleen kooperatiba) eta ardi gazta elkarteek bertan. Saioa bukatzean, aurkeztutako produktuen dastatzea egingo dute.

Topaketan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute apirilak 4, ostirala, baino lehen. Horretarako, telefonoz deitu beharko dute Iraurgi Lantzeneko 943-85 11 00 zenbakira edo Urkomeko 943-81 65 00 telefonora.