Joni D: "Gazte belaunaldi baten bizipenak irakurri daitezke nire liburuan"

Uztarria.eus 2014ko api. 3a, 12:17
Joni D liburuaren aurkezpen batean. (Joni D)

Urolako CNT sindikatuak antolatuta, Grupos autonomos. Cronica armada de la transaccion democratica liburuaren aurkezpena izango da gaur, osteguna, 19:30ean, Sindikatu Zaharrean. Joni D (Bartzelona, 1968) liburuaren egilea bertan izango da. Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du.

Zer aurkituko dugu liburuan.

Gazte belaunaldi baten bizipenak irakurri daitezke. Gazte horiek dena eman zuten gizarte aldaketaren, berdintasunaren, orekaren eta gizarte justiziaren alde, beraientzat ezer eskatu gabe. Liburua modu oso berezian dago idatzita: liburuaren erdia hamabost bat anonimori egindako elkarrizketetan oinarritzen da, eta gainerako kapituluak testuinguru kulturalaren, politikoaren, sozialaren… ingurukoak dira.

Nolakoa izan zen talde autonomoen hasiera, eta garai hartako testuinguru sozio-politikoa?

Espainiaren ziklo aldaketa batean sortu ziren talde autonomoak. 1970eko hamarkada hasieran diktaduraren bukaera gertu ikusten zen, eta bukaera hura azkartu eta gizarte aldaketa posible egin nahi zuen gazte belaunaldi berria ere orduan agertu zen.

Zer ekintza egiten ziren garai hartan?

Talde haien guztien aurreneko helburua propaganda egitea izan zen. Liburua idazterakoan ohartu nintzen ideiarik ez nuen gauza batekin: lehenengo legez kanpoko ekintza (hormak margotzeaz gain) gauez unibertsitate edo eskola publiko bat hartzea izan zen, inprimagailua hartzeko. Gero, errepresioak eta horrek sortzen duen gurpil zoroak bultzatu zituen gazte haiek armak hartzera.

Zenbat jende ibili zen talde haietan?

Gazte ugarik osatu zituzten taldeak. Afinitatez sortutako taldeak ziren, ez erakundeak. Bazen ekintza batean parte hartu eta gero baztertu egiten zen jendea, edo taldez aldatzen ibiltzen zen jendea. Garrantzitsua zen lurralde mugikortasuna; Bartzelonan, esaterako, faltsifikazio ekimen bat egin zuten ehun bat gaztek.

Azpeitian komando autonomoek indarra izan zuten. Pasaiako sarraskian hildako bi kide azpeitiarrak ziren, esaterako.

Liburuan ez naiz Komando Autonomo Antikapitalisten kontuan sartu. Horien inguruko liburu ugari dago argitaratuta, eta nik ez nuen ezer berririk eransteko. Nire liburuan bada Euskal Herriaren inguruko kapitulu bat, eta han komando horien laburpentxoa egiten dut, ezer berririk gehitu gabe eta euren historia aztertu gabe.

Liburua egiteko dokumentazio prozesua zaila izan al da?

Ez. Hemeroteketara jo nuen aurrena, eta gero imajinatu nuen gidoiari tiraka, pertsonaien bila hasi nintzen. Modu horretan bete nituen hutsuneak eta neure baitan nituen galderen erantzunak.

Zer dela-eta idatzi duzu talde autonomoen inguruko liburua?

Agustin Rueda tarteko. Duela bost urte, Kataluniako Associació d'Amics d'Agustín Rueda-ko kideekin taldearen artxiboa katalogatu eta digitalizatu genuen. Orduan sortu zen garai hartako gazteen borroka zer izan zen azaltzeko liburua idaztearen ideia. Rueda Carabancheleko (Madril) kartzelan hil zuten izugarrizko jipoia jasota, 1978ko martxoaren 14an.

Nolatan aurkeztu behar duzu liburua Azpeitian?

Jendearekin, kolektiboekin… harremanetan egotea gustatzen zait. Herri txiki eta ertainetan halako ekimenak edo egilearekin hitz egitea asko estimatzen dira, eta niri asko gustatzen zait hitz egitea. Garrantzitsua iruditzen zait irakurlearekin zuzeneko harremana edukitzea, eta baita gaiaren inguruan interesa duen jendearekin egotea ere. Bestalde, autogestioan oinarritutako (argitaletxerik gabe) eta Bartzelonako kolektibo anarkista batek argitaratutako lana izanda, nik ere egin behar dut zerbait aurrera egiteko.

Liburua duela urtebete aurkeztu nuen katalanez, eta gaur arte argitalpen haren 45 aurkezpen egin ditut. Duela hiru aste kaleratu genuen gaztelerazko bertsioa, eta Azpeitiko aurkezpena izango da zazpigarrena. Pixka bat hiperaktiboa naiz. Espero dut jendea ez dela lokartuko, eta ezkutatutako historia ezagutzeko gogoz etorriko dela. Katalunian bi aldiz aurkeztu dut liburua unibertsitateetan, eta ikasleek galdetzen dute nola den posible inork gaiaren inguruan sekula hitz egin ez izana.