Jesus Muñecas kapitain ohiaren kontrako kereila Azpeitiko epaitegian aurkeztea proposatu du fiskalak

Uztarria.com, Berria.info 2014ko api. 3a, 16:01

Fiskalak proposatu du Argentinak Azpeitiko epaitegian aurkeztea kereila, tortura salaketa horien gaineko eskudutza auzitegi horri dagokiola argudiatuta.

Jesus Muñecas Guardia Zibilaren kapitain ohiaren estradizio eskaria aztertzeko ahozko saioa egin dute gaur, osteguna, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskalak proposatu du Argentinak Azpeitiko epaitegian aurkeztea kereila, tortura salaketa horien gaineko eskudutza auzitegi horri dagokiola argudiatuta. Dena den, egozten zaizkionak baliogabe gelditutako delituak direla esan du Pedro Martinez fiskalak.

Frankismoan eta ondorengo urteetan torturak egitea egotzita daude inputatuta Muñecas eta Jose Antonio Gonzalez Billy el niño. Muñecasen kontrako estradizio eskaera, batik bat, Zarauzko Guardia Zibilaren kuartelean Andoni Arrizabalagari atxilotuta zegoela egindako torturetan oinarritzen da. Arrizabalaga 1968. urtean torturatu zuten, Zarautzen atxilotu zutenean, eta 1984an hil zen Arrizabalaga mendiko istripu batean. Haren anaia Jonek Argentinara bidaiatu zuen iaz, Servini epailearen aurrea testigantza emateko.

Gaurko auzi saioan Argentinarekin harremanik ba ote duen galdetu dio fiskalak polizia ohiari, eta estradizioaren kontra azaldu da. Bi galdera bakarrik erantzun ditu inputatuak; hain justu, Argentinarekin dituen loturei buruzkoa bat eta aurreko auzi-saioan esan zituenetan berresteko bestea. Gainerakoan, mutu egon da.

Muñecasen abokatuak, berriz, adierazi du ez dituela gertakizunak ezagutzen, eta tortura salaketan "kontraesanak" daudela. Zalantzan jarri du jarritako salaketen izaera, polemika eragiteko moduko adierazpenekin: torturak, delitu "arrunta" direla esan du, eta ez "gizateriaren kontrakoa". Gainera, kexu azaldu da behin-behineko neurriekin.

Orain arte bi inputatuen estradizio eskaerak ez du izan bide erraza. 2013ko irailaren 18an frankismoko lau polizia atxilotzeko agindua eman zuen Maria Servini Argentinako epaileak; tartean, Jesus Muñecas. Atxilotzeari uko egin zion Auzitegi Nazionalak, eta urriaren 28an estradizio eskaera egin zuen Servinik. Abenduaren 5ean, Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen Muñecasek, Jose Antonio Gonzalez Billy el niño-rekin batera. Baldintzapean aske utzi zituzten biak, baina pasaportea kendu zieten.