Banku etikoaren aldeko apustua egin du Udalak

Uztarria.eus 2014ko api. 3a, 16:14
Ezkerretik eskubira, Manuel Unanue, Josetxo Azkue, BeƱat Irasuegi eta Eneko Etxeberria.

Iazko gisan, hitzarmena sinatu du Fiare banku etikoarekin. Fiareko kideak Azpeitian izan dira gaur, eta proiektuaren nondik norakoez azalpenak eman dituzte. Gainera, Azpeitian Fiare proiektuaren baitan taldea osatzea nahi dutela azaldu dute.

Iazko gisan, aurten ere hitzarmena sinatu dute Azpeitiko Udalak eta Fiare proiektuak, astearteko udalbatzarrean aho batez hala erabaki eta gero. "Fiare herri partaidetzan oinarritutako egitasmoa, aurrezkiak ekonomia sozialera eta lankidetzara bideratzea helburu dituena, beti ere, mundu justuago bat lortzeko", azaldu du Eneko Etxeberria alkateak, eta Udalak helburu horiekin bat egiten duela esan du: "Banku etikoen aldeko apustu garbia egin nahi dugu, diruaren erabilera etiko bat bermatzen dutelako, hau da, jakin badakigulako diru hori ez dela erabiliko armak sortzeko, etxebizitzekin espekulatzeko ala giza eskubideak urratzen dituzten jarduerak sustatzeko".

Etxeberriaren aburuz, ekonomia erreal baten alde egitea da asmoa: "Dirua ez da erabiltzen ekonomia espekulatibo baten mesedetan, baizik eta benetako proiektuak gauzatzeko, hau da, gizartean inpaktu positiboa duten proiektuak sustatzeko: gai sozialetan, ingurumenean, bazterketa jasatzen dutenengan, bidezko merkataritzan. Proiektu errealak dira, eta proiektu onak, denon bizi kalitatea hobetzen baitute".

Fiare proiektuko kide Beñat Irasuegik eta Joxean Azkuek ere hartu dute hitza, eta Irasuegik azaldu duenez, batez ere, hiru helburu ditu Fiare proiektuak: "Fiarek dituen berezitasunen artean, hiru nabarmendu nahiko nituzke; izaera demokratikoa duela, gardena dela eta ekonomia erreala eta tokiko garapena hartzen dituela kontutan. Proiektu oso interesgarria da, tresna finantzieroekin ekonomia eraldatzea nahi baita, horregatik, herrian eta eskualdean indar gehiago hartzea garrantzitsua da, eta baita tokian tokiko taldeak sortzea ere. Azpeitiarrak animatzea nahiko genuke".

"Bankua gu ari gara osatzen" esan du Joxean Azkuek. "Bankuagatik kexatzen gara, baina geuk jartzen dugu dirua bankuetan. Pentsatu behar dugu non jartzen dugun dirua, sekula ez dugu eta jakingo zertan erabiltzen duten diru hori".