50 urteotako ibilia

Uztarria.eus 2014ko api. 4a, 14:09

Liburutegiaren irekiera.

Bileran, guztien adostasuna. 1964ko martxoaren 10ean, bilera egin zuten Udal Liburutegi Publikoko Batzordeko kideek eta Juan Astigarraga Viquendi alkateak, liburutegiak etorkizunean izan beharreko funtzionamendua hitzartzeko. Aktan jasotzen denez, aho batez onartu zuten apirilaren 5ean inauguratzea eta publikoarentzat hurrengo egunean, apirilaren 6an, zabaltzea.      
Funtzionamendua. Liburuen mailegurako, 4 urtetik gorakoek 50 pezeta ordaindu behar zuten urtean edo 5 pezeta hilean. 10etik 14ra artekoek, berriz, hiru pezeta hilean. Ordutegiari zegokionean,  egunero zegoen zabalik, larunbatak eta jaiegunak izan ezik, 19:00etatik 21:00etara. Liburuen mailegurako 15 eguneko epea zegoen, gehienez. Atzeratutako egun bakoitzeko pezeta bat ordaindu behar zuen irakurleak. Liburutegiko gastuei aurre egin eta diruz laguntzeko, herriko enpresei zirkular bana bidali zitzaien.  

Liburuzain postua

Oposaketak. Imanol Elias alkateak eta kultura zinegotzi Maria Jesus Aranburuk bibliotekari posturako oposaketak deitu zituzten, 1983an. 1984ko urtarrilaren 10ean hasi zen Joxe Mari Galarraga lanean.
Ordutegia zabaldu. 1984an, 16:00etatik 21:00etara zabaldu zuten zerbitzua. 

Aro berria

Leku aldaketa. Iturri Txikitik Enparan Dorretxera lekualdatu zuten biblioteka eta 1989ko abenduaren 13an, Santa Luzia egunean, inauguratu zuten.
Pauso kualitatibo eta kuantitaboa. Egun osoz hasi ziren irekitzen eta material aldetik asko hornitu zen biblioteka.   
Birmoldaketak. 1992an beheko solairu osoa hartu zuen liburutegiak. 2004an, irisgarritasuna bermatu eta oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak hasi zituzten: elbarrien komunak eta eskailerak saihesteko igogailua eta arrapalak jarri, eraikinera sartzeko zubia egin... Egun, beheko solairuan hiru gune daude: haurrena, gazteena eta hemeroteka. Lehen solairuko aretoari helduentzako liburutegi eta ikasgela erabilera eman zioten eta bigarrengoan ikasketa gela eta talde lanetarakoa daude.
Teknologia berrietara egokitu. Etengabe eguneratuz joan da liburutegia.