Udalak jaso duen jakinarazpenari erantzunez, elkarretaratzea izango da asteazkenean

Uztarria.eus 2014ko api. 4a, 17:34
Kontxita Martija, Eneko Etxeberria eta Miren Belaustegi.

Azpeitiko Udalari ere iritsi zaio Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijoren ohartarazpena, kontratazioetan hizkuntza irizpideak eskatzeagatik. Hori dela-eta, gertatutakoa salatzeko, Euskararen Kontseiluak elkarretaratzea deitu du, eta 19:00etan izango da plazan. Bestalde, Udalak eta UEMAk Errenta Aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiatu dute.

Azpeitiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako eta Bizkaiko 37 udalen gisan, kontratazioetan hizkuntza irizpideak eskatzeagatik Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok bidalitako ohartarazpena jaso duela-eta, elkarretaratzea deitu du Euskararen Kontseiluak, eta Azpeitiko Udalak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bat egin dute deialdiarekin. "Euskararen normalizazioa helburu duten neurrien alde", asteazkenean, hilak 9, izango da elkarretaratzea, 19:00etan hasita, plazan. Estatuen esku hartzea gelditu lelopean egingo dituzte elkarretaratzeak, Euskal Herriko hainbat txokotan.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez, ohartarazpena "euskararen aurkako erasoa" da, eta jakinarazpenaren helburua da "euskararen normalizazioa helburu duten neurriak atzera botatzea". "Udalak herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko betebeharra dauka, eta kontratazio irizpideekin eskubide hori bermatu nahi da. Eusko Jaurlaritzak 1997. urtean onartutako dekretuan ezarri zien udalei kontratazioetan hizkuntza irizpideak betetzeko betebeharra. Eta, beraz, udalak bere egitekoa besterik ez du egin", azaldu du Etxeberriak. "Orain sortu den kalapita hau, batzuek euskararen aurka aritzeko duten obsesioari erantzuten dio", gaineratu du.

Euskararen kontrako erasoei "guztiok bat eginda" erantzutea garrantzitsua dela uste du Etxeberriak, eta herritarrei dei egin die asteazkenerako Kontseiluak deitu duen elkarretaratzean parte hartu dezaten.

Maren Belastegi UEMAko lehendakariak "babes osoa" adierazi dio Azpeitiko Udalari, eta antzeko egoeran dauden gainerako udal guztiei. "Euskararen aurkako erasoei erantzun bateratua matea garrantzitsua dela uste dugu, baina despistatu gabe. Udalez udal, herriz herri euskararen normalizazioa egiten ari garen lanean jarraitu behar dugu buru-belarri", esan du Belaustegik. UEMAren helburu nagusia "udalerri euskaldunetako herritarrek bizitza publiko zein pribatuan euskaraz egin dezaten lortzea" dela azaldu du: "Horretarako euskarak eremu berrietara jauzi egin behar du, erdara nagusi den eremuetan bideak urratu".

Errenta aitorpena euskaraz

Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainaren helburua "euskarak bide berriak urratu ditzan lortzea" dela azaldu du Belaustegik. Aste honetan abiatu da errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina UEMAko kide diren udalerrietan, eta kanpainaren berri emateko eskuorriak banatu dituzte etxez-etxe.

Belaustegik esan duenez, "UEMAko udalerriak euskararen arnasguneak dira, eta funtzio garrantzitsua dute euskararen biziraupenean": "Hizkuntza ikuspegitik herri berezia da Azpeitia, potentzialitate handia duen herria da. Euskararen arnasgune indartsua da zalantzarik gabe. Ezinbestekoa da horrelako herriak zaindu eta babestea. Baina, garrantzitsua da baita, Azpeitia eta antzeko herriak euskararen normalizazioari eman diezaioketen bultzada baliatzen jakitea. Eta, horretarako, behar beharrezkoa da bertako udala, eragileak, herritarrak eta beste udalerri euskaldunak elkarlanean aritzea.

Kontxita Martija udal zinegotziak azaldu duenez, Udalaren eta UEMAren arteko elkarlanaren helburua da "herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten bultzatzea"."Azpeitian euskaraz bizi gara nagusiki, baina zenbait eremutan, herritarrak administrazioarekin dituzten harremanak kasu, erdara gailentzen da oraindik. Euskararen normalizaziorako euskararen erabilera eremu guztietara zabaldu behar dugu, eta horretan, administrazioaz gain herritarrek ere badute zer eginik", esan du Martijak.

2012an errenta aitorpena egin zuten azpeitiarren %31,9k egin zuen euskaraz, eta "aurten jauzi berri bat ematea" lortu nahi dugu, esan dute.