Azpeitiko EAJren hitzen aurrean

Olatz Izagirre 2014ko api. 7a, 12:33

Olatz Izagirre Sarasti naiz, 30 urteko emakumea eta hilabete gutxi dituen haur baten ama. Gaztetatik Euskal Herri libre eta gizarte justuago baten alde egin dut lan, gazteon eskubideak aldarrikatzen eta defendatzen: lana dela, etxebizitza eskubidea dela... Azken batean, gazteon eta herri honen etorkizuna defendatzen. Nire militantzia politikoagatik atxilotua eta urte eta erdiz espetxeratua izan naiz. Urrian hasi zen nire eta beste 39 gazteren aurkako epaiketa, otsail hasieran amaitu zen eta orain epaiaren zain nago.

Espetxea, hauxe da ni eta nire familiaren etorkizun posiblea, 6 urteko espetxe zigorra eskatzen baititate. Momentu honetan Madrilgo epaile batzuen esku dago gure etorkizuna; normaltasun osoz herrian libre bizi, ni nire alabarekin espetxera joan bikoteagandik urrunduz, edota ni nire alaba eta bikoteagandik urrundu... Erabaki zaila benetan!

Espetxetik irten nintzenetik babes handia jaso dut Azpeitian. Ni ez naiz bertakoa, baina denbora da hemen bizi naizela eta bertakoa banintz bezala sentiarazi naute. Izugarria izan da epaiketa hasi denetik hona jaso dudan berotasuna, kalean jendeak adierazi didan babesa, antolatu diren ekimen guztietan izan den herritarren partaidetza. Txapela kentzen dizuet guztiei!

Baina, gaur mindua nago! Joan den asteko udalbatzan Libre lan taldeak aurkeztu duen mozioa landu zen, baina Azpeitiko EAJ eta Hamaika batek parte ez hartzea erabaki zuten. EAJk erabili duen argudioa azken aldian landu diren mozio guztiak norabide bakarrekoak direla izan da,  "repeak" direla. Zoritxarrez, hauxe da azken aldi luze honetan herri honek bizi duen errealitatea, oraindik norabide batek erasoak jasaten ditu-eta. "Repeak" esanda, pertsonak beharrean kromoak garela dirudi, guztiak errepikatuko bagina bezala, guk erabakiko bagenu bezala! Ez gara kromoak, pertsonak gara, eta bakoitzaren atzean familia bat dago, sufrimendua dago, sentimenduak daude! Arkaitz Bellon espetxeak hil zuen, Eneko presoen eskubideen alde lan egiteagatik atxilotu zuten eta ni independentzia eta gazteon eskubideak defendatzeagatik sei urteko espetxe zigorra betetzeko arriskuan nago, eta hau ez dugu guk erabaki!