Euskal Antzerki Topaketetarako kartel lehiaketaren oinarriak jakinarazi ditu Udalak

Uztarria.eus 2014ko api. 8a, 12:15

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 2tik 31ra izango da. Ekainaren 10etik 22ra egingo dute erakusketa aurkeztutako kartel guztiekin, eta Udalak izendatutako epaimahaiak uztailean erabakiko du lehiaketaren irabazle bakarra, eta 900 euroko saria jasoko du.

Azpeitiko Udalak argitaratu ditu 2014ko XXXII. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketaren oinarriak. Euskarazko antzerkiari eskainita herrian egiten diren topaketetako lehiaketara aurkeztu beharreko kartelek testu hau eraman beharko dute barnean: Azpeitia XXXII. Euskal Antzerki Topaketak, 2014ko udazkena. Egile bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu, orijinalak eta aurrez argitaratu gabeak. Teknika eta materiala egile bakoitzaren esku uzten dira, baina lan guztiek neurri jakina izan behar dute: 450mm zabal x 680mm altu.

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 2tik 31ra izango da. Ekainaren 10etik 22ra egingo dute erakusketa aurkeztutako kartel guztiekin, eta Udalak izendatutako epaimahaiak uztailean erabakiko du lehiaketaren irabazle bakarra. 900 euroko saria jasoko du irabazleak. Saria, ohi denez, Antzerki Topaketen amaierako ekitaldian emango zaio kartel lehiaketaren irabazleari.

Iaz Iñaki Martinezek irabazi zuen kartel lehiaketa.