Elkarretaratzea izango da gaur, Udalak jaso duen Urkijoren jakinarazpenari erantzuteko

Uztarria.eus 2014ko api. 8a, 17:47

Euskararen Kontseiluak deitu du kontzentrazioa, Udalak kontratazioetan hizkuntza irizpideak eskatzeagatik jaso zuen ohartarazpena salatzeko. Gaur, asteazkena, izango da 19:00etan, plazan, UEMAk eta Azpeitiko Udalak bat egin dute Kontseiluaren deialdiarekin.  

----

Azpeitiko Udalak kontratazioetan hizkuntza irizpideak eskatzeagatik Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok bidalitako ohartarazpena jaso zuen, beste hainbat udalerriren gisan. Gertaera salatzeko, elkarretaratzea deitu du Euskararen Kontseiluak, eta Azpeitiko Udalak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bat egin dute deialdiarekin. Gaur, asteazkena, izango da elkarretaratzea, 19:00etan hasita, plazan. Estatuen esku hartzea gelditu lelopean egingo dituzte elkarretaratzeak, Euskal Herriko hainbat txokotan.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ohartarazpena jaso ondoren adierazi zuenez, "ohartarazpena euskararen aurkako erasoa" da, eta jakinarazpenaren helburua da "euskararen normalizazioa helburu duten neurriak atzera botatzea". "Udalak herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko betebeharra dauka, eta kontratazio irizpideekin eskubide hori bermatu nahi da. Eusko Jaurlaritzak 1997. urtean onartutako dekretuan ezarri zien udalei kontratazioetan hizkuntza irizpideak betetzeko betebeharra. Eta, beraz, Udalak bere egitekoa besterik ez du egin", azaldu zuen Etxeberriak. "Orain sortu den kalapita hau, batzuek euskararen aurka aritzeko duten obsesioari erantzuten dio", gaineratu zuen.

Euskararen kontrako erasoei "guztiok bat eginda" erantzutea garrantzitsua dela uste du Etxeberriak, eta herritarrei dei egin zien asteazkenerako Kontseiluak deitutako elkarretaratzean parte hartu dezaten.