Mankomunitateko teknikari bat herriko establezimenduetara joango da, hondakinen kudeaketa hobetzeko

Uztarria.eus 2014ko api. 8a, 19:55

Hondakinak hobeto kudeatzeko eta gaikako bilketa indartzeko hartu zuen erabakia Urola Erdiko Mankomunitateak Azpeitiko Udalarekin elkarlanean. 2013an hondakinen %34,9 bakarrik bildu zen gaika, eta %65,1 zabortegira joan zen zuzenean.

Gaikako bilketa indartzeko lanei ekiteko helburuarekin hasi zuten herriko establezimendutan (komertzio, ostalaritza, eraikin publiko, elkarte eta antzerakoetan) sortutako hondakinen eta horiek kudeatzeko moduaren azterketa orokorra, Urola Erdiko Mankomunitateak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean.

Asmoari jarraituz, aste honetan Mankomunitateko teknikari bat Azpeitiko establezimenduetara joango da, saltoki bakoitzeko hondakinak modurik egokienean kudeatu eta ahalik eta birziklapen tasa handienera iristeko helburuarekin.

Urola Erdiko Mankomunitateak jakitera eman ditu 2013ko hondakinen bilketa datuak. Horien arabera, Azpeitian, 2013an, hondakinen %34,9 bakarrik bildu zen gaika, eta gainontzeko hondakinen %65,1 zabortegira joan zen zuzenean.