Lokala irekiko du astelehenean, Azpeitiko Gure Esku Dagok

Uztarria.eus 2014ko api. 11a, 14:00

Igandeetan izan ezik, egunero egongo da zabalik erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak Foru Ibilbidea 7an irekiko duten lokala. Bertan, ekainaren 8an egingo den giza-katerako izena-emateko, dinamikaren materiala eskuratzeko eta Gure Esku Dagoren inguruko informazioa jasotzeko aukera izango da.

Azpeitiko Gure Esku Dago dinamikak lokala zabalduko du datorren astelehenean, hilak 14. Foru Ibilbideko 7. zenbakian egongo da eta igandeetan izan ezik, irekita egongo da egunero. Astegunetan 17:30etik 19:30era zabalduko dute; eta astearte goizetan ere irekita egongo da, 11:00etatik 13:00era bitartean. Zapatuetan ere zabalik egongo da, 11:00etatik 13:00era.
 
Lokalean ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza-katerako izena emateko aukera izango da, eta Gure Esku Dagok kaleratutako materiala ere jarriko dute salgai. Bestalde, dinamikaren edota giza-katearen inguruko informazioa ere eskuratu ahal izango da bertan.