Goiko doinuak

Uztarria.eus 2014ko api. 14a, 11:42
Kepa Susperregi eta Pako Epelde kanpandorrean. (Eneritz Albizu)

Uztarria herri aldizkariaren apirileko zenbakia Uztarria.com-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 160. zenbaki horretarako egindako parrokiako kanpaien egitekoaren inguruko erreportajea ekarri dugu hona.

Guztientzat egiten dute lan, inor baztertu gabe. Haien berri izango du lanera joateko goiz jaikitzen den herritarrak, baita egunsentian festatik bueltan oheratzen denak ere. Soreasuko Sebastian Donearen parrokiako kanpaiek ez dute atseden hartzen, oraindik ere mezulariak dira.
 
Duela urte batzuk, herri eta auzo askotan kanpaiak ziren komunikabidea eta larrialdi deia. Hedabideen presentzia ahula zenean, instrumentu horiek rol garrantzitsua zuten herrietan: eguraldi txarraren, istripuen edo suteen adierazle ziren, besteak beste. Kepa Susperregi Azpeitiko erretore eta artzapezaren hitzetan, gertakizunei buruz ohartarazteko ohitura bazen lehen, baina "zeharo galduta" dago, Azpeitian behintzat. Gaur, orduaz informatzeko eta elizkizunetarako erabiltzen dira kanpaiak herrian. Susperregiren aburuz, ziur aski, egiteko horiek izango dira etorkizunean mantenduko direnak: "Elizkizunetako kanpaiak ez dakigu mantenduko diren; orduak adierazteko kanpaikadek bai, jarraituko dute".
 
Gaur egun, hamar kanpai daude kanpandorrean, eta bakoitzak bere soinua, indarra eta eginkizuna ditu. Susperregiren hitzetan, kanpaien soinuak oso desberdinak dira, nabarmenak. Elizkizuna hasi aurretik, haren izaeraren arabera, kanpai batzuk edo besteak jotzen dira; adibidez, kanpaien doinua ez da bera San Inazio egunean edo hileta batean. Artzapezak, ordea, gogoratzen du garai batean kanpandorrearen mezua anitzagoa zela: "Duela urte batzuk esanahi asko zituzten kanpaikadek. Hileta bat zegoenean, adibidez, hildako pertsonaren gizarte-mailaren arabera, kanpaien doinua desberdina zen. Horrela, herri osoak jakin ohi zuen, gutxi gorabehera, nor hil zen".
 
Hileta elizkizunez gain, tradizioaren erantzule ziren kanpaiak. "Kanpaiak ez dira elizkizunekin soilik lotu behar. Duela urte batzuk arte eguerdiko hamabietan lanuztea egiten zen nekazaritza-inguruetan, baita zenbait ekintza publikoetan ere. Geldiune hori egiten zen Angelus zeritzon doinua entzutean", dio Susperregik. Hala da, eguerdiko hamabietan lanean ari ziren baserritarrek, kanpaiak entzutean, txapela kendu eta jarduna alde batera uzten zuten. Kaleko jendearentzat ere erreferentea zen parrokiako deia, erlojuak ez baitziren gaur bezain ugariak: "Nik uste dut ordua jakiteko baliabide beharrezkoa zela kanpaia", baieztatzen du Susperregik.

Mendeetan, zintzo lanean

Kobrez eginiko hamar kanpaik osatzen dute parrokiako kanpandorrea. Oso zaila da jakitea kanpai horiek noiztik dauden Azpeitiko parrokian, baina badakigu 1904az geroztik dutela gaur egungo kokapena. Kanpandorreak ez du beti gaur duen itxura izan, eta urte horretan moldatu ziren puntako piramidea zein kanpaien kokapena. Pako Epeldek ongi ezagutzen ditu parrokiako kanpaiak; haren aita, Felix Epelde, izan baitzen sakristaua bertan. Horrela azaltzen du hark: "Kanpai bakoitza bakarra da, desberdina; horregatik, izen propioa du instrumentu bakoitzak".
 
Epeldek hiru kanpai nabarmentzen ditu: Santiago, Madalena eta Izarraitz. Bereziak dira horiek, izena begiratzen dioten txokoaren araberakoa baitute. Kanpandorreko kanpairik astunenari, berriz, Dun Dun deitzen diote: 2.130 kiloko pisua du, errinozero baten adinakoa. Horren ondoren daude Ostrobero, 1.060 kiloko pisuarekin, eta Agoniye, 1.000 kilorekin. Orduak adierazteko erabiltzen diren kanpaiak, aldiz, nahiko arinak dira, besteekin alderatuz gero. Hiru kanpai txiki dira, eta bi mailurekin kolpatuz sortzen dira ordutegiari dagozkien doinuak.

Atzoko kanpaiak, gaurko modura

Pako Epelderen etxekoek gazte-gaztetatik ezagutzen dituzte kanpaiak. "Gure aita arduratzen zen kanpaiak jotzeaz. Hasieran, sokarekin jotzen ziren, baina elektrizitatearekin funtzionatzen hasi zirenean, etxetik ere jotzen genituen", argitu du. Beraz, gaur egun automatikoa da lana, baina duela gutxi arte, langile baten jarduna izan da kanpaiak abiaraztearena. Epelderen arabera, "indarra eta intentsitatea" ziren gakoa kanpaiak jotzerakoan.
 
Itxura denez, XXI. mende bitartean, lan duin bat izan da kanpaiak jotzearena. Carmelo Urdangarinek eta Jose Maria Izagak haien Oficios tradicionales VI liburukian horrela jaso dute. Felix Epelderekin batera Jose Ignacio Abalia azpeitiarrak egin zuen beharra kanpai-jotzaile gisa. Lehenago, berriz, XVII. eta XVIII. mendeetan, Pedro Foncueva, Sebastian Quintana eta Antonio Palacios izan ziren parrokiako kanpaien zaindari.
 
Tradizio handiko egitekoa izan da hori Azpeitian, baina modu eraginkorragoan lan egiteko bidea aurkitu dute parrokian. Motorrarekin funtzionatzen dute, gaur, parrokiako kanpai guztiek. Gainera, erlojuarekin sinkronizatuta daudenez, inork ez du arduratu behar motorrak jartzeaz ere.
Baditu urte batzuk Soreasuko Sebastian Donearen parrokiak, baita hango kanpaiek ere. Han jarraitzen dute dorrearen puntatik zelatari; herriari begira, herriari dei eginez.

Kanpai fabrika

Soreasuko Sebastian Donearen parrokian bederatzi metro karratuko hilerria eta 450 kiloko kanpaiak egiteko brontzezko moldea aurkitu zituzten, Soledadeko kapera eraberritzeko lanak egin zituztenean. Badirudi, beraz, bazela kanpaiak parrokietan egiteko ohitura.
 
Moldeak eta hilerriak bere horretan diraute eta aurkikuntza horiek bisitatzeko aukera dute herritarrek.