Lurrun-trena martxan izango da datozen egunetan

Uztarria.eus 2014ko api. 14a, 12:11

Aste Santuan, apirilaren 17tik 21era martxan izango da lurrun-trena museoa eta Lasao artean. Gero, Aste Santuaren ostean, zapatu, igande eta jaiegunetan ere egingo ditu joan-etorriak lurrunezko trenak, azaroaren 2ra bitartean.

Apirilaren 17tik 21era, ostegunetik astelehenera, biak barne, Burdinbidearen Euskal Museoak lurrun-trenean bidaiatzeko aukera eskainiko du, eta lurrunezko bi tren jarriko ditu martxan. Trenak Azpeitiko geltokitik aterako dira, 12:00etan bat eta 17:30ean bestea, eta Lasaora joan-etorria egingo dute.

Bestalde, Burdinbidearen Euskal Museoa bisitatzeko ordutegi berezia izango da Aste Santurako. Apirilaren 17tik 21era, 10:30etik 14:00etara, eta 16:00etatik 19:30era izango da zabalik, eta astelehenean, hilak 21, irekita egongo da.

Aste Santuaren ondoren, lurrun-trenak martxan izango dira azaroaren 2ra bitartean, larunbatetan 12:30ean eta 18:00etan, eta igande eta jaiegunetan 12:30ean.