Urola Erdiko turismo eskaintza, gailu mugikorretara egokituta

Uztarria.eus 2014ko api. 15a, 16:54
'Urola Turismo' aplikazioaren irudi bat.

Urola Erdiko turismo eskaintza barnebiltzen duen mugikor eta tabletetarako aplikazioa jarri dute abian Urola Erdiko sei udalek eta Iraurgi Berritzenek. Behin deskargatuta, Urola Erdian hainbat ibilbide egiteko nondik norakoak eta eskualdeko zerbitzu turistikoen gaineko informazioa eskuratu daiteke gailu mugikorretan.

Urola Erdiko turismo eskaintza barnebiltzen duen mugikor eta tabletetarako aplikazioa jarri dute abian Urola Erdiko sei udalek eta Iraurgi Berritzenek, Urola Turismo ekimenaren baitan. Urtarrilean aurkeztu zuten eraberritutako Urolaturismo.net webgunea, eta proiektuaren bigarren fasea izan da gailu mugikorretarako Elkarmediak egin duen aplikazioa martxan jartzea.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak Azpeitiko eta eskualdeko turismoaren garrantzia azpimarratu du: "Ondare historiko handia dago Azpeitia eta inguruetan, eta garrantzitsua da horien inguruko informazioa-eta egungo teknologian txertatzea". Jesus Mujika Iraurgi Berritzeneko turismo teknikariak azaldu duenez, "garrantzitsua da hona etortzen denari egonaldia erraztea eta eroso sentiaraztea".

Helburu horiek kontuan hartuta sortu dute aplikazioa, eta Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako herriguneetan ibilbide konkretuak eskaintzen ditu. Horrez gain, Beizama, Errezil eta Aizarnazabal ezagutu eta inguruko landaguneak ezagutzeko ibilbidea ere eskaintzen du aplikazioak, Touring Urola atalean. 

Ibilbideez gain, Urola Erdiko baliabide nahiz zerbitzu turistio guztien gaineko informazioa ere ikusi eta kontsultatu daiteke Urola Turismo aplikazioan; hala nola, ondarea, museoak, jatetxeak, ostatuak nahiz toki publikoetako telefonoak eta.

Lau hizkuntzatan kaleratu dute aplikazioa, eta doan deskargatu daiteke Play Store-tik Android zein iOS sistemadun gailuetara. Zerbitzu oro geolokalizatuta dago, eta ibilbideen gaineko informazioa audio lokuzioarekin, testuekin eta irudiekin lagunduta eskaintzen du aplikazioak.