Sarralleko langileen egoera salatu du LABek

Uztarria.eus 2014ko api. 15a, 17:58
Joan den ostiralean elkarretaratzea egin zuten LABeko kideek Sarralle lantegiaren aurrean. (LAB)

Joan den ostiralean elkarretaratzea egin zuten LAB sindikatuko kideek, Sarralle Equipos Siderurgikoseko langileek bizi duten egoera "ezegonkor, krudel eta basatia" salatzeko.

Hemen Urola Kostako LABek Uztarriara bidali duen oharra, osorik:
 
Pasa den ostiralean, Sarralle Equipos Siderurgicosen atarian elkarretaratu ginen LABeko kideok, bertako langileek bizi duten egoera ezegonkor, krudel eta basatia salatzeko.
 
Egoera ez da berria. Azken zazpi hilabete luzeetan ematen ari den egoera baita. Enpresako zuzendaritzak bere esku dituen bitarteko guztiak erabili ditu eta erabiltzen ari da, langileen lan baldintzak txartzeko. Suntsipen hau, mehatxu, presio, lana deslokalizatuaz, enpresaren itxieraren mamua langileen bizkar gainean jarriaz eta horiek duten beharraz aprobetxatuz egin nahi izan dute; azken hamarkadetan geureganatutako lan baldintzak zapaltzeko helburuarekin.
 
Egin dezagun gertatu denaren analisi azkar bat:
 
2011 eta 2012 urteetan irabazi sendoak izandako enpresa da Sarralle.
 
2013ko uztailean hitzarmenak deuseztea helburu zuen erreforma indarrean sartzearekin batera
dator aldaketa:
 
2013 amaiera aldean, lantegian aritzen diren 47 langileri 123 orduko lanaldi igoera (hasieran legez kontrakoa zen 200 ordukoa inposatu nahi izan zuten) eta soldata %15 jaistea lortu nahi izan zuten. Arrazoia; "lanik ez dago". Eta, orduan, 123 lan ordu gehiago zertarako?
 
Ez zuten negoziaketa esparrurik ireki nahi izan eta "merkeagoak izan behar dugu, bestela gureak egin du" ziren euren hitzak. Ordura arte ondo zihoana, hilzorira pasa zen erreforma indarrean sartu ondoren? Kasualitatea!
 
Egoera ekonomikoaren berri jakin nahi izan denean, soilik lan zentroko kontuak erakutsi izan dizkigute. Lan zentrokoak diogu, Sarralle, izen bereko talde edo Grupo baten parte baita. Benetako egoeraren azterketa burutzeko taldeko kontuak eskatu direnean, ezezkoarekin aurkitu gara, legeak langile ordezkariei kontuak erakustera behartzen dienean. Ez erakutsi nahi horrek, zerbait izkutatzen dutenaren zantzuak uzten dizkigu.
 
Langile talde batek transparentzia eta negoziazio erreala eskatzen zituen momentuan, enpresako zuzendaritzak bere bitartekoak gogortu eta langileen arteko zatiketa bilatu du. Hilabete luzez, mehatxuak eta langileek lanpostua mantentzeko duten beharra erabiliz, egoera ez sinesteko tentsio guneetara eraman dute. Guztiaren gainetik, langileen ordezkariek akordio hura sinatzea nahi zuten eta edozertarako prest ziren. Zuzendaritzaren mezua garbia zen: Enpresarekin edo enpresaren aurka zinen. 
 
Zuzendaritzak batzar bat deitu eta bozketara eraman zuen bere proposamena, beldurraren bidez irabaziko zuelakoan. Baina, kolpea hartu zuen; langileen asanbladak ez baitzuen onartu.
 
Kolpe horrek, zuzendaritza beste neurri batzuk hartzera bultzatu zuen. Urte bukaera aldetik, maiatza tarteko, aldebakarreko LETa (Lana Erregulatzeko Txostena) aplikatu zuen. Arrazoi produktiboak argudiatzen zituzten. Lanik ez zegoela zioten, baina Azpeitiko lan berdina egiten duen Palentziako lantegiaren onurako:
  • Azken hilabeteotan, 30 langile izatetik 80tik gora izatera pasa da Palentziako lantegia. Zein da arrazoia Azpeitin LETa ezartzeko eta Palentzian 50 lagunetik gora kontratatzeko?
  • Gainera, eta honekin ez gaude batere ados, asteko zazpi egunetan egiten dute lan, hamaika orduz egunean.
Errealitateak argi erakusten du; ez da lan falta guzti honen atzean dagoena. Gutxi batzuen onurarako eta krisiaren aitzakipean, eskubideak suntsituz langileen kostua merketu nahi dute. Horren adierazle da Azpeitiko langile asko aplikatutako LETaren eraginez etxean dauden bitartean, bertako beste langile batzuk ordu extrak sartzera behartu dituztela. Hori guztiz ilegala izateaz gain, langileen aurrean ezmorala dela azpimarratu nahi dugu. Zuzendaritza lana ezin ezkutatu dabil, baina langileen gainetik azkenera arte jotzeko asmo irmoa du.
 
Gaur egun giroak bere horretan jarraitzen du, mehatxu eta presioek bertan jarraitzen dute. Zuzendaritzak esan du LETa kenduko duela, baldin eta langileen ordezkariek ordu igoera eta soldata jeitsiera sinatzen badute. Horrek presioa areagotzen du, langile asko etxean dituzte-eta lanik egin gabe.
 
Martxoaren 21etik, enpresak Espainiako lan erreformak eskeintzen dizkien tresnak baliatuz, 15 egunen buruan adostasunik ezean, aldebakarrean aplika dezake aspalditik bila ari den baldintzen eskastea. Baina, hala eta guztiz, langile ordezkarien sinadura indarrez eskatzeak ez du etenik. Hala nola, ordezkarien babesa nahi du bere inposaketa babesteko.
 
India eta taldeak dituen gainontzeko lantegiekin ez omen dira lehiakorrak. Eta orain arteko irabazi potoloak non dira? Azpeitian inbertitu eta lehiakortasunean ezin al zen irabazi? Inoiz konpetitu ahal izango al da Indiako soldatekin? Eta hori, zeren truke lortu nahi da?
 
Lan erreformak euren nahiak betetzea ahalbidetu du hasieratik, eta ez dute egin. Langile ordezkarien babesik gabe argiegia ote da zapalketa?
 
Guzti hau ikusita LABek honakoa jakinarazi nahi du:
  • Ez dugu onartuko jazarpen jarrerarik; ez langileekiko ezta sindikatuekiko ere.
  • Ez dugu lanpostu suntsiketarik ekar dezaken planteamendu itxirik onartuko.
  • Ez dugu zurruntasun eta inpunitate osoz jokatzen duten eta langileen eskubideen zanpaketa euren onurarako erabiltzen dutenen azpijokurik onartuko.
  • Lan munduaren egoera kritiko bilakatu duten honetan, krisi hitza heuren onurarako (ez behar erreal baterako) erabiltzen dutenen aurrean izango da beti LAB. Langileen esklabutza nahi duen orok, aurrez aurre izango gaitu.
  • Lana eta ondasunak banatzea da bidea eta gurean lan harremanetarako euskal esparru bat lortzea. Bide horretan, langile ororen eskubideen defentsan eta bermean jarraituko dugu.
Azken lan erreformak duen helburu nagusienetako bat, errealitate bihurtzen ari da gure eskualdean. Langile robotizatuak nahi gaituzte, inongo iritzirik ez dutenak eta esandako guztiari amen eta erregu batekin erantzungo diotenak. Pobreziara eramaten gaituzte katerik gabeko esklabuak izateko, edozein enplegu onartu eta txintik esan gabe erreforma guztiak irensteko. Gure familien bizitzekin mehatxatzen gaituzte, beraien gose eta etorkizun ezarekin. Eta bai, horrelako enpresariak ez dira telebistan soilik aurkitzen, geure artean ere aurkitzen dira. 
 
Ez da kasualitatea Sarralle Equiposen hau gertatzea. Duela urte batzuk jarrera berdina erakutsi zuen zuzendaritza berberak Sarralle Muebles Metalicosen eta gaur da eguna non 20 langile izatetik 8 izatera pasa diren eta baldintza kaskarragoetan ari diren lanean.
 
Lanpostu suntsiketaren konplize egin nahi dituzte langileak, gerorako euren tragedia izango denari hasiera emanaz. Langileen batasunak egingo die aurre eta horregatik gure deia gure artean babes gaitezen. Borrokan dauden enpresa asko ditugu gure eskualdean eta hauek erreforma basatia mantsotzen ari dira, baina bakarrik ezin dute. Denok egin behar dugu zerbait hau gelditzeko.
 
Lanaren defentsan jo ta ke jardun behar dugu. Guk eta gure ondorengoek etorkizun bat izan
dezaten.
 
Gora Euskal langileria.
 
Lana banatu, ondasuna banatu. Inposaketari-Lan erreformari EZ!