Joseba Ibargutxi: "Ez dakit nola eta noiz, baina gure bideak gurutzatuko dira berriro"

Uztarria.eus 2014ko api. 16a, 19:30
Joseba Ibargutxik bederatzi denboraldi egin ditu Iraurgin. (ISB)

Bederatzi denboraldi egin ditu Joseba Ibargutxik (Legazpia-Donostia, 1982) Azkoitia Azpeitia ISB taldean, eta agur esateko unea iritsi zaio. Jokalari ohiak oraindik hunkituta hitz egiten du larunbatean klubak egin zion omenaldiaz, etxean bezala sentitu baita Iraurgin urte horietan. 

Bederatzi denboraldi egin dituzu Azpeitia Azkoitia ISB taldean. Zu, ordea, Donostian bizi zara. Nola iritsi zinen Azpeitira?

Ni iritsi aurreko denboraldian igo zen Iraurgi EBA ligara. Orduan, Lolo Encinas zen entrenatzailea, eta hark proposatu zidan Iraurgira joatea. Proiektua gustatu zitzaidan, pare bat taldekide ezagutzen nituen, eta asko pentsatu gabe hartu nuen erabakia. Orduan, 22 urte soilik nituen.

Jokalaria izan zara, baina azken urtean bigarren entrenatzaile gisa ere egin duzu lana.

Azken urtean, jokalaria izateaz gain, entrenatzaile lanak ere egin ditut. Erretiroa gertu nuen, eta jokalari gazteei aukera eman behar genien. Gainera, Iker Bueno entrenatzaile gaztea izanda, pentsatu genuen ni izan nintekeela harentzat heldulekua. Horrez gain, ez da erraza bigarren entrenatzailea lortzea; gure ordutegiak, bidaiak, konpromisoak… guztiak hartu behar dira kontuan. Azken urte honetako gauza izan da hori.

Desberdina izan da azken urtea, gainontzekoekin alderatuz gero?

Bigarren entrenatzailea izan arren, nik beti jokalari txipa izan dut. Gainontzeko jokalariak bezala galtza motzak janzten nituen, beroketak egiten nituen eta, ondoren, haiekin dutxara joaten nintzen. Beraz, nire oroitzapenak, batez ere, jokalari baten oroitzapenak dira. Batzuetan, irabazi egin dugu; besteetan, galdu. Hala ere, oso oroitzapen onak utzi dizkit taldeak.

Esan izan duzu ez zarela ikusten Iraurgi ez den beste talde batean jokatzen. Zer du berezia klubak?

Esaldi hori, batez ere, azken urteei begira esan nuen. Azken urteetan Iraurgi izan da nire aukera bakarra; izan ere, oso lotura estua izan dut taldearekin eta jokalariekin. Urtarrilean haurra izan genuen, eta horregatik utzi dut saskibaloia. Bateraezina da, nire kasuan, umearekin egotea eta saskibaloian jokatzea. Hala ere, azken urteetan, Iraurgin jarraitu izan ez banu, badakit lehenago utziko nukeela saskibaloia.

Zaila izan da saskibaloia uztearen erabakia hartzea?

Momentu batean, ikusi egiten duzu unea iritsi dela. Aita izanda, ez da erraza kirolariaren ordutegiak eta bidaiak errespetatzea. Horregatik, umea iristear zela hitz egindako gauza izan da. Bikotekideak eta biok erabaki genuen hau izango zela azken denboraldia, ahalik eta gehien gozatuko nuela, baina taldea lagatzeko garaia zela. Benetan zaila larunbateko agurra izan zen. Jendearen erantzuna, klubarena, jokalariena… orduan ikusi nuen ez nuela berriro kantxa barruko zirrara hura sentituko. Larunbata arte dinamikan sartua nengoen: entrenamenduak, partiduak, kontzentrazioa… ez nizkion buelta asko eman buruari.

Zapore gazi-gozoarekin geldituko zinen larunbatean. Partidua irabazi bai, baina ezin Play Off-etarako sailkatu.

Bai, agurra apur bat tristea izan zen. Hala ere, benetako agurra izan zela sentitzen dut. Play Off-etarako sailkatu izan bagina, agur hark ez zuen horrenbeste zentzu izango. Omenaldia jasoko nuen, bai, baina jarraitu egingo nuen jokatzen. Amaiera gazi-gozoa izan zen bai niregatik, baita taldekideengatik ere. Aurten talde ona izan dugu, baina puntu gutxigatik norgehiagoka asko galdu ditugu, eta pena da.

Nola oroituko duzu zure ibilbidea klubean?

San Inazio bezpera bateko bazkaria izan zen Iraurgirekin izan nuen lehen kontaktua. Orduz gero, etxean bezala sentitu naiz taldean. Beti izan dut oso harreman ona klubarekin, zuzendariekin eta jokalari guztiekin. Erraz esaten dira bederatzi urte, baina bederatzi urte pasatu ditut Donostiatik Azpeitira joan-etorrian, eta inoiz ez naiz damutu. Xubirekin adosten nuen, udaro, klubean jarraituko ote nuen, eta nahiko erraz iristen ginen akordioetara. Ni saskibaloi taldera iritsi nintzenean oso gaztea nintzen; eta, orain, orduan ume zirenak dira nire taldekideak. Oso gustura egon naiz azpeitiar-azkoitiar guztiekin, eta horrekin geldituko naiz.

Zer gertatuko da hemendik aurrera saskibaloiarekin?

Saskibaloiarekin lotura badut Donostian, eta horri eutsiko diot. Iraurgiri opa diodana da hurrengo urtean mailaz igotzea, Zilarrezko Lehen ligatik Urrezko Lehen ligara. Esan nahi diet askotan ikusiko nautela Azpeitian: kiroldegian ikusiko naute beraien partiduei begira eta, modu batera edo bestera, elkarlanean jarraituko dugu. Ez dakit nola eta noiz, baina gure bideak gurutzatuko dira berriro.