Liburutegiaren mende erdiko ospakizunak ika-mika sortu du EAJ eta Bilduren artean

Uztarria.eus 2014ko api. 16a, 14:44

Liburutegiaren 50. urteurreneko ospakizunek eta, bereziki, urteurrenaren bezperan (apirilak 4) liburutegian bertan egin zen aurkezpen ekitaldiak hautsak harrotu ditu, Azpeitiko EAJk dioenez, Bilduk ekitaldira ez zituelako "Maria Jesus Aranburu eta Jose Mari Bastida gonbidatu". Horren harira, Imanol Amenabar Udaleko Kultura batzordeburuak erantzun egin dio EAJri, "pertsonalizazioen gainetik, herritarrak dira protagonista, eta herritar guztiak zeuden gonbidatuta", esanaz.

Azpeitiko EAJk komunikabideetara bidalitako oharrean salatu du "hutsune nabariak ikusi direla": "Ez ekitaldia ospatzerakoan ustekabean gertatu diren akats edo nahi gabe gertatutako ahazteek sortutako hutsuneak, baizik eta nahita egindako ahazteak gehiago diruditen hutsuneak". Aitor Gorrotxategik azaldu duenez, "Bilduko gobernu-taldea lehenengo lerroan agertzen zen, baina Maria Jesus Aranburu edota Jose Mari Bastida bezalako pertsonak falta ziren, biek ala biek izandako inplikazioak eta lan tinkoak azpeitiarrek oso estimatua duten liburutegiari bultzada handia eman baizoten ere".

Jeltzaleek "sektariotzat" jo dute Bilduko udal taldearen jokabidea: "Aranburu eta Bastida ez zituzten gonbidatu. Gainera, liburutegia gaur egun Iturri Txiki ludoteka dagoen tokitik Enparan Dorretxera lekuz aldatu izana aipatu zuten ekitaldian, baina Udal liburutegiarentzat jauzi kualitatibo ikaragarria izan zen lekualdatze horren eragile, bultzatzaile eta negoziatzaile pertsona, garai hartan Azpeitiko alkate zen Jose Mari Bastida, ez zuten aipatu eta bere lana ez dute aitortu". 

Gorrotxategik esan du Bilduko gobernu-taldeari "deserosoa" zaiola "Udalaren kudeaketan beraien aurretik aritu diren gizon-emakumeen lana aitortzea": "Deserosoa zaie, beraien kolorekoak ez direlako edota, beharbada, liburutegia lekuz aldatzea edo Azpeitirako beste kultur azpiegitura batzuk -Soreasu edo Sanagustin- abian jartzearen eragile eta bultzatzaile moduan haiek aitortzeak Bilduren gaur egungo kudeaketa agerian uzten duelako".

Jeltzaleen bozeramaileak "tolerantzia eta kortesia politikorako jokabide oinarrizkoenak" praktikan jartzeko eskatu dio Bilduri, "Azpeitiaren historia, zorionez, denon ekarpenen ondorioz lortzen den etenik gabeko ibilbide jarraia delako".

Imanol Amenabar Udaleko Kultura batzordeburuak (Bildu) erantzun egin dio jeltzaleen oharrari, esanaz, "Udaleko alderdi guztiak urteurreneko ekitaldiaren jakitun zirela": "Urteurrenerako prestatutako ekimen guztien egitaraua Udaleko Kultura Batzordean landu zen eta, orokorrean, batzordekide guztiei gonbitea egiteko deia zabaldu zen. Une horretan ez zen inongo proposamen alternatiborik jaso gonbidapenen inguruan". "Pertsonalizazioen gainetik, herritarrak dira protagonista eta herritar guztiak zeuden ekitaldira gonbidatuta", azaldu du Amenabarrek.

Hona Imanol Amenabarrek, EAJri erantzunez, bidali duen gutuna osorik:

"Liburutegiaren urteurrenaren prestaketan jende eta herritar askok hartu dute parte, eta eskerrak emateko aprobetxatu nahi du Udal Gobernuak. Era berean, 50 urte hauetan, egunero, liburutegian lan egin dutenei eskerrik beroenak eman nahi diegu.

Azpeitiko Liburutegiaren 50. urteurrenaren antolaketaren prestaketak 2014ko aurrekontuen inguruan hasi ziren, eta ordudanik, Udaleko alderdi guztiak jakitun ziren urteurreneko ekitaldien inguruan. Horrez gain, urteurreneko ekitaldi guztien egitaraua Udaleko Kultura Batzordean landu zen eta orokorrean batzorkide guztiei gonbitea egiteko deia zabaldu zen. Une horretan ez zen inongo proposamen alternatiborik jaso gonbiteen inguruan.

Horrez gain, herritar guztiei zabaldutako deia luzatu zen ekitaldian parte hartzeko. Herritar guztiak gonbidatuta zeuden, beraz ez zen inor gonbidatzea utzi, alderantziz, denak zeuden gonbidatuta. Hemen, adibide bat.

Azpeitiko Udal Gobernuaren ustez, liburutegiaren 50. urteurrena ez da ez gaurko eta ez orduko Udal ordezkarien meritua, herritarren meritua baizik. Azpeitiko Udaleko zerbitzu eta diruaren kudeaketa ez da pertsona konkretu batzuen meritua, pertsonalizazioen gainetik, herriari zor diogu gure esfortzua eta herritarrak izan behar dira protagonista.

Alkate eta Kultura zinegotzi asko izan dira gure herrian urte guzti hauetan, baina guk, batik bat, langileak goraipatu nahi ditugu beste behin; Dionisio Masso, Bernardita Iriarte, Rafael Amezua... Hauek dira liburutegiaren oinarri eta funtsa!"