Gugan bego, Esteban Uzin

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea) 2014ko api. 22a, 12:09

Aberri Egunean izan dugu Esteban Uzinen heriotzaren berri, eta heriotza guztiek bezala samina sortu digu. Justiziarik egingo ez dioten lerro xume hauek, Estebanen familiari dolumin sentikorrena adierazteko balio dezaten nahiko nuke.

Kudeatzaile zorrotza zen Esteban, abertzale zintzoa eta herri honen maitalea. Euskalduna. Langilea. Eta gureak eskatzen duen ur handietako lanean murgildutakoa. Euskal Herriaren alde guztiok Estebanek adina egiten badugu, gure herriak etorkizun oparoa ziurtatua dauka. Horregatik dira Estebanen gisako herritarren ekarpenak ezinbestekoak, eta bere bizitza herri honekin zuen konpromiso handiaren isla da.

Gure herriak urte asko ditu, eta mendeetako esfortzuz eraikitzen ari gara, ondorengoei utziko diegun lanekin osatzen eta hobetzen doa. Eta Estebanek bide horretan eredu handia utzi digu. Urteotan zinegotzi kargua bete izan du Azpeitiko Udalean eta lan eskerga egin du Azpeitiko herriaren alde. Azken urteotan Udal Gobernuaren lanetan murgilduta ibili da, behar izan dugun bakoitzean bere babesa eta aholkua jasotzeko aukera izan dugu. Eskuzabaltasunez eta kemenez.

Pizkunde Egunean joan zaigu Esteban. Bere lana eta eredua utzita. Eskerrik asko danagatik. Ohore bat izan da Esteban, bihotzez. Gugan bego Esteban Uzin.