Iosu Zabala: "Hezkuntza eredua ezin daiteke inolako aldaketa politikoren menpe utzi"

Berria 2014ko api. 22a, 13:55

Ingeniari mekanikoa ikasketaz, 2007. urtetik da Mondragon Unibertsitateko errektore Iosu Zabala (Urrestilla, 1952). Ikerketa sustatzea, finantzaketa lantzea eta unibertsitateko eskaintza gizartearen beharren eskutik joatea ditu erronka nagusi. "Gustura" dago karguan, baina ez du argitu 2015etik aurrera segituko duen: "Ez dut astirik izan pentsatzeko". Berria-k elkarrizketa egin dio Zabalari.

Zertan aldatu da unibertsitatearen antolaketa zazpi urte hauetan?

Ikasteko eta irakasteko modua asko aldatu da karguan nagoenetik. Bolognako prozesura egokitu genituen ikasketak 2008an, eta horrek baldintzatu du dena. Titulazio berriak martxan jartzeko, sekulako aukera eskaini digu. Hala ere, alde handia dago ulertu zenaren eta ezarri zenaren artean.

Aurrenekoak izan zineten eskaintza akademikoa prozesura moldatzen. Esperotako fruituak jaso dituzue?

Irtenbide aproposa eman diogula uste dut, behar bezala prestatu ginelako Mendeberriproiektuarekin. Ez genuen derrigortuta egin, sinesten genuelako baizik. Irizpideak bat zetozen gure proiektuarekin, bai metodologia aldetik, bai antolaketa aldetik: ebaluazio iraunkorra abiatu, eta curriculuma konpetentzia jakinetara bideratu genuen, ikasleak prestatuago irten zitezen lan merkatura. Emaitzak nabarmen hobetu dira.

Zein hobekuntzaz ari zara, zehazki?

Bologna ezarri baino lehen, ingeniaritza, irakasle eskola, enpresagintza eta ikus-entzunezko ikasketak genituen. Besterik ez. Dekretuari esker, berriz, bost titulu aitzindari sortzeko parada izan genuen; ausardiaz. Erabat berritzaileak denak: ekintzaileak hezteko LEINN gradua eta gastronomiaren ingurukoa, besteak beste. 

Ekintzailetasunaren alde egin duzue irmo. Zer moduz doa?

Nahiz eta sarbidea zorrotza izan, eskaera gero eta handiagoa izaten ari da. Ekintzailetasunarekiko interes handia dago, eta beharra nabari da. Elkarlanean aritzeko bideratutako gradua da. Horrelako ikasketak egiten ahalegintzen gara, gure eskaintza hobeto uztar dadin gizartearekin eta enpresekin. Tituluak ez ditugu kapritxoz ateratzen; jendartean errotutako behar bati erantzutea dugu xede.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko egin klik hemen.