Ostiralean hasiko da Azpeitia Cup

Uztarria.eus 2014ko api. 23a, 14:58

Ostiraltik igandera bitartean jokatuko da alebin mutilen Azpeitia Cup txapelketa, Garmendipen, eta 32 talde ariko dira nor baino nor bigarren fasera sailkatzeko lehian. Maiatzaren 1ean, berriz, alebin nesken aurreneko Azpeitia Cup jokatuko da, eta 21 taldek eman dute izena.

Bukatu da Azpeitia Cup txapelketaren aurretiko faserako izena emateko epea, eta azken xehetasunak egiten ari dira antolatzaileak dagoeneko, ostiralean hasiko da-eta alebin mutilen futbol txapelketa. 32 taldek eman dute izena eta, besteak beste, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako, Kantabriako eta Errioxako talde txikiak izango dira ostiraletik igandera, Garmendipeko zelaietan. Alebinen txapelketako lehenengo faseko partiden egutegia hemen.

Taldekako fasetan banatu dute txapelketa, eta lehen lau sailkatuek ekaineko Azpeitia Cup-erako txartelak eskuratuko dituzte. Han, beste 20 talde handiren aurka aritzeko aukera izango dute: Real Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Reala eta Athletic, beste batzuen artean.

2.000 jokalari baino gehiago espero dituzte antolatzaileek aurtengo aurretiko sailkapen faserako. Mikel Rodriguez Azpeitia Cup-eko presidenteak adierazi duenez, "helburua da adiskidetasunaren txapelketa suspertzea eta zortzi urtez kirol egutegian finkatu den egitasmoa sendotzea".

Neskak maiatzaren 1ean

Maiatzaren 1ean, osteguna, infantil nesken txapelketa izango da Garmendipen. Aurrenekoz antolatu dute nesken txapelketa, eta 21 taldek eman dute izena. Horien artean dira, Lagun Onak, Anaitasuna, Reala eta Athletic.