52 auto gidarik hartuko dute parte XV. Azpeitiko Rallysprintean

Uztarria.eus 2014ko api. 24a, 12:15
Rallysprinta antolatzen aritu den taldeko kideak atzoko aurkezpenean.

Euskal Herriko eta Gipuzkoako Rallysprint Txapelketetarako puntuagarria da proba. Antolatzaileen arabera, "lehia irekia izango da, ez dago-eta faborito argirik". 15:00etan hasiko da proba.

Zapatuan, hilak 26, izango da Lagun Artea taldeak antolatutako Azpeitiko XV. Rallysprinta. 52 auto gidarik eman dute izena Euskal Herriko eta Gipuzkoako Rallysprint Txapelketetarako puntuagarria den laugarren proban. Antolatzaileen arabera, "lehia irekia" izango da, "ez dago-eta faborito argirik": "Joxe Labaka eta Eli Bergara, Aingeru Castro eta Angel Castro eta Iban Tarsicio eta Iñigo Peña dira irabazteko faborito nagusiak".

Iazko irabazle Gorka Antxustegi eta Xabat Urresti (Peugeot 205 F1) ez dira rallysprintean izango, baina etxeko hainbat gidarik hartuko du parte rallysprintean: Joxe Labaka eta Eli Bergara (Mitsubishi EVO V), Iñaki Alberdi eta Nerea Odriozola (Ford Escort MK-II), Iban Etxaniz eta Aritz Elgarresta (Clio Sport), Urtzi Oteiza eta Janett Uzkudun (Clio Sport), Iñigo Alberdi eta Garikoitz Zubizarreta (Peugeot 205 F2000), Jon Arregi eta Igor Arriaran (Abarth Punto EVO), Jokin Aiertza eta Iñaki Aiertza (BMW 325i), Iban Ibarreta eta Alex Aizpuru (BMW 325i), Iraitz Olariaga eta Ugaitz Olariaga (BMW 325i), Felix Astorkia eta Beñat Elgarresta (BMW 325i), Gurutz Agirretxe eta Egoitz Aiertza (Opel Kadett GSI 16V), Ekain Otaegi eta Jon Alberdi (Ford Escort RS2000) eta Aritz Uzkudun eta Joseba Uzkudun (BMW 325i).

Egiaztapenak zapatuan izango dira, 10:00etatik aurrera epaitegi aurreko plazan. Gero, 14:00etan, abiatuko dira autoak Antzibar industrialdera, azken ukituak emateko, baina 13:00etatik itxita izango da errepidea autoentzat. 15:00etan hasiko dira erlojupeko probak, eta hiru manga jokatuko dituzte. Beste urteetan ez bezala, aurten, Aizarnako eta Errezileko bidegurutzeko rektan ezingo dute egon ikusleek. Antolatzaileek azaldu dutenez, "beste lasterketa batzuk hartu ditugu eredu moduan, eta aurten debekatuta dagoenez, jendeari errespetatzeko eskatzen diogu". Behin lasterketa bukatutakoan, 19:30ean, izango da sari-banaketa epaitegi aurreko plazan. 

Azpeitiko Rallysprintera joan ezin dutenek Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan edo Interneteko www.fotomotor.com webgunean jarraitu ahal izango dute lasterketa.