Aitor Bengoetxea: "Ez dugu nahi ikuslea kontsumitzaile soila izatea"

Uztarria.eus 2014ko api. 24a, 21:23
Mugalariak egitasmoko ordezkariak. Eskuinetik hasita, bigarrena da Bengoetxea. (Donostia 2016)

Donostia 2016 egitasmoaren baitan aurkeztu zuten, apirilaren 15ean, Mugalariak proiektua. Kolaboratzailea da Sanagustin Kulturgunea; eta, ordezkari gisa, aurkezpen-ekitaldian izan zen Aitor Bengoetxea ‘Ondarru’ (Azpeitia, 1981) kulturguneko koordinatzailea. 

Zer da Mugalariak?

Mugalariak sormen prozesuan oinarritzen den proiektua da, testuinguru bezala kultura hartuta. Hazitegiak sistemaren baitan dago. Hazitegiak-en proposatzen da sormenari bira ematea. Mugalariak proiektuak, berriz, helburu hori aintzat hartuta, arte eszenikoa landuko du. Beraz, antzerkia, dantza, performancea edo horien arteko nahasketetan oinarrituko da. Hori kontuan izanda, honakoa da funtsa: deialdi irekia egin da talde edo banakoek arte eszenikoetara bideratutako proiektuak aurkezteko. Hautagaiei baldintza bat jarri zaie: prest egotea beraien lanaren sormen-prozesua modu irekian egiteko eta herritarrekin partekatzeko. Aurkeztutako lan guztietatik bost aukeratuko dira, eta bi udalerritan landuko dute proiektua. Sanagustin Kulturguneak bezala, parte hartuko dute Zumaiako (Gipuzkoa), Leioako (Bizkaia), Luhusoko (Lapurdi) eta Iparraldea-Akitaniako beste talde batzuek ere. Proiektu bakoitza Hegoaldeko eta Iparraldeko leku banatan garatuko da.

Zer helbururekin sortu da egitasmoa?

Analisia egin du Donostia 2016k, sormen-prozesuari buruz. Horrela, ikusi dute sorkuntzak zer behar dituen, non dauden hutsuneak. Sorkuntza beti norabide berekoa izan beharrean, aldatu egin nahi dugu. Ez dugu nahi ikuslea kontsumitzaile soila izatea, parte-hartzailea eta eragilea da guretzat. Ibilbidea zabalduko dugu, sorkuntzako hiru hankak elkarrekin harremanetan jartzeko: sortzailea, herritarra eta bitartekaria, hain zuzen. Hasieratik, herritarrak prozesuaren parte izan behar dute: kritikatu, bizi eta sorkuntza sustatu dezakete.

Zer eskaintzen dio Sanagustinek proiektu horri?

Azpiegiturak eta bitarteko teknikoak eskainiko ditugu, sormen-prozesua garatzeko. Entseguak, gidoiaren eraketa… behar dutena egiteko baliabideak emango dizkiegu. Guretzat, emaitzak baino garrantzitsuagoa da tartean dagoen lana; eta, batik bat, horretan lagunduko diegu taldeei. Horrez gain, saiatuko gara egonaldi horretan, herriko eskolekin eta eragileekin sorkuntza konpartitzen: entseguak, apaingarriak edota koreografia ikusiko dituzte. Herritarrak prozesuaren parte izatea da gure xedea. Emaitzarekin, ziur aski, emanaldiren bat egingo da Sanagustinen, baina ez da gehien axola zaiguna. Herriari begira, aukera bat izan daiteke, adibidez, umeak eskolan lantzen ari diren gairen bat beste modu batera azaltzeko. Hala ere, proiektuak ezagutzen ez ditugunez, zehazki ezin dugu ezer finkatu oraindik.

Hezkuntzaren esparrura murgiltzea bada modu bat herritarra sormen-prozesuaren erdian jartzeko, ezta?

Bai. Lortu nahi dugu ikuslea lanaren amaieran jarri beharrean, erdian sartzea, ekarpenak egin ditzan. Gainera, uste dugu hori guztientzat ona dela; bai herritarrentzat, baita sortzaileentzat ere. Askotan, artistek ere ikasi egiten dute kanpoko begiraden ikuspuntutik.

Sanagustin, orduan, Azpeitiko ordezkari moduan ari da lanean Mugalariak proiektuan?

Bai, gure produktua beti Azpeitia da. Sanagustin da taldea, baina herria ordezkatzen dugu, herri honetako mugimendu kulturalaren zati baikara. Gure lana herriarentzat da, herriari eman nahi diogu.

Zer ekarpen egingo dio proiektuak Azpeitiari?

Hiru zatitan banatuko nuke. Alde batetik, azken urteetan lantzen ari garen mapa kulturalean, herri bezala, presentzia izatea. Bestetik, esan bezala, herritarrei aukera ematea parte hartzeko arte eszenikoetako sorkuntza-prozesuan. Eta, azkenik, bukaerako emaitza. Guretzat, gainera, aukera ona da eragileekin harremanak egiteko eta aurrera begira proiektuak pentsatzeko.

Aurkezpenean azaldu zenuten asko landu dela eskaintza kulturala; ez, aldiz, eskaria.

Hori esaten dugu, orain artean, norabide bakarreko bidea egin duelako kulturak. Emanaldia prestatzen da, iragarri egiten da eta herritarrek kontsumitu egiten dute. Horrela, ez da kontuan hartzen zer behar dituzten ikusten ari diren pertsonek, zer gustatzen zaien edo zerk hunkitu ditzakeen. Bestalde, argi daukagu ikuslea hezi egin behar dela. Horregatik, proiektu horretan garrantzi handia dute eskolek eta hezkuntza-taldeek. Garrantzitsua da belaunaldi berriak kulturaren eta sorkuntzaren zati izatea: sentsibilizatzea.

Azpeitian ere nabari da hutsune hori?

Azpeitia ez da salbuespen bat. Hala ere, Sanagustin saiatzen da herri-lana egiten, eta eragileekin harremanetan egoten; nolabait, gure eskaintzak herritarren beharretara egokitzeko. Uste dugu balore horiengatik eta gure lana egiteko moduarengatik aukeratu gaituztela, proiektuaren ardatzarekin bat egiten dugulako. Herriarekin batera egin nahi ditugu gauzak, modu irekian. Beraz, bai, Azpeitian ere egon daiteke arazo hori, baina oso garbi daukagu zer bide jarraitu behar den, elkarlanarena. Bestela, kultura komertzial batean sartuko ginateke, eta hori ez dugu nahi.

Proiektuak Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko zubi izan nahi du?

Bai. Bat egin behar dugu Iparraldearekin. Orain artean, horrelako beste ekitaldi batzuk ere antolatu ditugu, eta bide beretik jarraituko dugu. Bestalde, Donostia 2016 ekimena Donostia bertatik deszentralizatzeko pauso bat ere bada hori; hain zuzen, proiektuak lurraldetasun izaera izateko. Gure aldarria hori da, eskaintza zabaltzea, Donostiatik harago iristea. Lan egiteko modu berria sortu nahi genuke, jakina, Iparraldearen eta Hegoaldearen elkarlanean oinarrituta.

Proiektuen aukeraketan parte hartuko duzue?

Bai. Prozesu osoan egongo gara gu. Lan-taldea osatu dugu: kronograma bat adostu dugu eta horren arabera egingo dugu beharra. Sortzaileekin ere bilduko gara, jakina. Guretzako ere erronka bat da; gainera, herri-mailan lana egiten hasteko ere balioko digu. Espero dugu esperientziak bultzada ona ematea.

Zer irizpide erabiliko dituzue lanak aukeratzeko?

Euskaraz landuko diren proiektuak lehenetsiko dira. Eta, jakina, aurrez landutako eta mamitutako egitasmoak aukeratuko ditugu. Hausnarketa-lana eskatzen dugu, proiektuek funtsa izan dezatela.