LABek Zarautzen ospatuko du langileen eguna, eta ELAk Bilbon

Uztarria.eus 2014ko api. 30a, 12:40
Iaz LABek Azpeitian egin zuen eskualdeko manifestazioa.

Bihar 12:00etan egingo du LABek eskualdeko manifestazioa Zarautzen, eta Bilborako autobusak jarri ditu ELAk eskualdean.

Sindikatu bakoitzak bere kasa ospatuko du maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna, beste urtebetez. ELAk Bilbon egingo du nazio mailako ekitaldia, eta LABek, berriz, eskualdeka egingo ditu mobilizazioak. LABek, aurten, Zarautzen egingo du eskualdeko manifestazioa, eta ekitaldia izango da haren ostean. 

Bilboko manifestaziora joateko autobusak jarri ditu ELAk, eta eskualdean hiru betetzea espero dute arduradunek. Izena emateko aukera gaur, asteazkena, eguerdian bukatuko da, eta joan nahi dutenek sindikatuaren Azpeitiko bulegora deitu (943 81 34 46) beharko dute. Autobusa Zestoatik aterako da, eta Azpeitian eta Azkoitian egingo du geldialdia jendea hartzeko. Bilbon, Jesusen Bihotzean elkartuko dira 11:30ean, eta ekitaldiaren ostean, 12:00etan, hasiko da manifestazioa. Hona, ELAk maiatzaren 1aren harira kaleratu duen idatzia.

Bilgune Feministak ere egin du bere irakurketa langileen egunaren harira. Etxeko eta zaintza lanak eredu ekonomiko eta sozialaren erdigunean kokatu behar direla uste du mugimenduak. Egindako erreforma guztiak bertan behera gelditzea eta austeritateari ateak ixtea eskatu, eta Euskal Herriko etorkizuna erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du.