Azpeitiko taldeak ez du Herriarteko Pilota Txapelketan parte hartuko

Uztarria.eus 2014ko mai. 6a, 13:03

"Jubeniletan eta kadeteetan ez dagoelako pilotari nahikoa" hartu du parte ez hartzeko erabakia Ilunpe Pilota Elkarteak. Iaz ere ez zuten parte hartu, eta 2010ean Azpeitiak irabazi zuen Herriarteko Pilota Txapelketa.

Azpeitiko Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek ez dute aurtengo Herriarteko Pilota Txapelketan parte hartuko. Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, "jubeniletan eta kadeteetan ez dagoelako pilotari nahikoa" hartu dute erabakia.

Joan den asteazkenean, hilak 30, aurkeztu zuten txapelketa Donostiako Kirol Etxean, eta aurten 23 herrik hartuko dute parte eskuzko lehian. Zortzi herritako ordezkariak ariko dira pala txapelketan, eta lau zesta-puntan. Eskuzko eta zesta-puntako txapelketak maiatzaren 11n hasiko dira, eta palakoa, berriz, maiatzaren 18an.

Iaz ere ez zuen Azpeitian Herriarteko Txapelketan parte hartu, eta 2010eko txapelketan azpeitiarrak nagusitu ziren. 2008an ere Azpeitiak irabazi zuen. Orotara 3 aldiz eskuratu du Azpeitiak Herriarteko Txapelketako txapela, eta beste hirutan azpitxapeldun izan dira azpeitiar pilotariak.