Bihar amaituko da Izarraizko mendi lasterketan aurrez izena emateko epea

Uztarria.eus 2014ko mai. 7a, 18:29

Maiatzaren 11n, igandean, jokatuko da proba. Dagoenekoz, 132 pertsonak eman dute izena Internet bidez.

Izarraizko X. mendi lasterketan aurrez izena emateko epea bihar amaituko da. Parte hartu nahi dutenek Internet bidez eman dezakete izena; edo, bestela, egunean bertan izango dute horretarako aukera. Maiatzarren 11n, igandean, izango da lehia, 10:00etatik aurrera, eta 21 kilometro izango ditu lasterketak. 

Izen-ematea aurrez eginez gero, txip horia duten korrikalariek 13 euro ordaindu beharko dituzte; txip zuria alokatuko dutenentzat, berriz, 15 eurokoa izango da prezioa. Egunean bertan izena emanez gero, 15 euro ordaindu beharko dituzte txip horia duten parte-hartzaileek; eta 20 euro, zuriarekin lasterka egingo dutenek. Horrez gain, txip zuria eskuratzen dutenek itzuli egin beharko dute lasterketaren ondoren.

Joan den urtean, 80 eta 100 lagun bitartean aurkeztu ziren probara; eta aurten, jada, langa hori gainditu dute antolatzaileek, 132 izen-ematerekin. Aitor Unanue antolatzailearen arabera, "zaila" da zehazki jakitea zenbat pertsonek hartuko duten parte: "Zegama Aizkorri maratoia hemendik bi astera izango da, eta horren arabera antolatu ohi du jendeak egutegia. Horregatik, ez dakigu ziur parte-hartzea nolakoa izango den".

Jada guztia prest du igandeko lasterketarako Lagun Onak Mendi Bazkunak. Unanuek adierazi du "guztiek ondo pasatzea" dela taldearen helburua; eta, horretarako, guztien konpromisoa behar dela: "Eskatzen dugu antolatzaileen esanak errespetatzea eta mendia txukun mantentzea".