Festa eta aldarrikapena uztartuko dituzte Euskal Selekzioaren partidan

Uztarria.eus 2014ko mai. 7a, 19:18
Gaur, asteazkena, eginiko agerraldiko parte-hartzaileak. (Ane Olaizola)

Norgehiagokaz haratago, egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako. Gaur, asteazkena, eginiko aurkezpenean, ekitaldiari babesa eman diote zenbait azpeitiarrek.

Euskal Selekzioak Irlandakoaren aurka jokatuko duen partidari begira, egun osoko egitaraua antolatu du Lagun Onak futbol taldeak, larunbaterako. Haien helburua da "festa eta aldarrikapena uztartzea", eta hori adierazi dute gaurko agerraldian parte hartu dutenek.

Ekitaldiari babesa eskaini diote Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Manuel Unanue Udaleko Kirolen batzordeburuak, besteak beste. Horiez gain, agerraldian izan dira larunbateko partida jokatuko duen Eguzkiñe Peña futbolaria eta Euskal Selekzioan jokatu izan duten beste azpeitiar batzuk: Nagore Alberdi, Miriam Arrieta, Leire Barrena, Oihana Unanue, Kristina Fernandez, Aiora Iriarte, Maite Iriarte, Olatz Yeregi, Juan Antonio Larrañaga, Mikel Aranburu, Mikel Labaka, Jon Orbegozo eta Hodei Tena, hain zuzen.

Lagun Onak futbol taldeak adierazi du "Azpeitiko herriak eman beharreko erantzunak partiduaren neurrikoa" izatea nahi lukeela. Beraz, hara joan nahi dutenek jada salgai dituzte norgehiagokako sarrerak. Garmendipe futbol zelaiko lehiatilan dago haiek erosteko aukera, 18:00etatik 20:00etara. Norgehiagoka harmailetan ikusi nahi dutenek zazpi euro ordaindu behar dituzte, gainontzeko sarrerak bost eurotan eskura daitezke.

Bestalde, antolatzaileek esan dute larunbatean zozketa egingo dutela ikurrina edo Euskal Selekzioko elastikoa eramaten duten zaleen artean. Selekzioko hiru elastiko eta jokalariek sinatutako bi baloi zozkatuko dituzte. Zozketan parte hartu nahi dutenek Garmendipen egongo den mahaian eman beharko dute izena.

Honakoa da maiatzaren 10eko, larunbateko, egitaraua:

13:30ean: selekzioetako ordezkariei harrera, udaletxean.

14:30ean: agintarien eta buruzagien arteko bazkaria, Kiruri jatetxean.

16:15ean: jokalariak Garmendipera iritsiko dira.

16:30ean: futbol zelaia irekiko dute, zaleentzat.

17:45ean: ekitaldia. Aurreskua, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbioren bertsoak eta ereserkiak.

18:00etan: partidaren hasiera.

18:45ean, atsedenean: zozketak.