Aitor Gorrotxategi izango da EAJren alkategaia, 2015eko udal hauteskundeetan

Uztarria.eus 2014ko mai. 9a, 15:31
Aitor Gorrotxategi eta Pello Elorza gaurko agerraldian.

Gaur, ostirala, aurkeztu dute 2015eko udal hauteskundeetan jeltzaleen zerrendaburu izango dena Batzokian egin duten agerraldian. Azpeitiko Udalean EAJren bozeramailea da egun Gorrotxategi, eta zinegotzi moduan hirugarren legegintzaldia du oraingoa.

Aitor Gorrotxategi Larrañaga izango da EAJren alkategaia 2015eko udal hauteskundeetan. Gaur, ostirala, aurkeztu dute zerrendaburu izango dena Batzokian egin duten agerraldian. Azpeitiko Uri Buru Batzarreko presidente Pello Elorzak azaldu duenez, joan den asteartean erabaki zuten "aho batez" Gorrotxategi izango zela alkatetzarako hautagaia, "azpeitiarren konfidantza lortzeko".

Elorzak esan duenez, "dohai garrantzitsuak" ditu Gorrotxategik herrigintzan jarduteko, eta "prestutasun handia" du: "Zuzentasuna, seriotasuna eta akordioak lortzeko beti zabalik duen eskua azpimarratu behar dira. Ezagutzen dutenek ondo dakite pertsona dialogozalea eta irekia dela, azpeitiarrengandik hurbil dagoela, kudeaketarako gaitasun handia duela, Udal gaiak eta administrazioaren funtzionamendua ondo ezagutzen dituela".

Horrez gain, Gorrotxategi "jarrera sektarioetatik urrun" dagoen emakumez eta gizonez osatutako talde baten buru izango dela azaldu du Elorzak, eta "une hauetan ezker abertzalearen esku dagoen gobernuaren alternatiba" izango dela gaineratu du.

Aitor Gorrotxategik ere hartu du hitza agerraldian, eta "eskerrak" eman dizkie jeltzaleei, "emandako babesagatik". "Azpeitiko egoerak beti kezkatu nau. Ilusioz, gogoz eta erantzukizunez hartzen dudan erronka da, bizitzen ari garen garai larriaren jakitun naiz. Prest nago laguntzeko eta herrigintzan aritzeko".

"Gure herriak ikuspegi politiko integratzailea behar du, sektarismoetatik urruti, eta elkarrizketan eta adostasunean oinarritutako kultura politikoa", erantsi du, eta oinarri horiekin osatuko dutela lan-taldea aurreratu du: "Lan taldea ezinbestekoa da. Ni gidari izango naiz, baina taldearen sostengua beharrezkoa da. Taldeak funtzionatu egin behar du, eta antolatzea garrantzitsua da. Lanak ez dit beldurrik ematen, eta beharrezko ordu guztiak eskainiko dizkiot zeregin honi".

Azpeitiarra da Gorrotxategi, eta 39 urte ditu. Enpresa Zuzendaritzan eta Administrazioan lizentziatua da, eta egun finantz-erakunde batean egiten du lana, kudeaketa komertzial arloan. Azpeitiko Udalean EAJren bozeramailea da egun Gorrotxategi, eta zinegotzi moduan hirugarren legegintzaldia du oraingoa.