Jose Luis Zubizarreta: "Ez dut gogoratzen aurtengoa bezalako denboraldi onik"

Uztarria.eus 2014ko mai. 12a, 21:46
Jose Luis Zubizarreta 'Xubi', prentsaurrekoan. (Miriam Tamayo/Hitza)

Denboraldi ona egin arren, beste urte batez, ezbaian dago lehen taldearen jarraipena datorren urteari begira, ezinezkoa baita babesle pribaturik gabe gastu guztiei aurre egitea. 

2013-2014 denboraldia "izugarria" izan da Iraurgi Saskibaloi klubarentzat, Jose Luis Zubizarreta Xubi-ren, Iraurgi Saskibaloiko koordinatzailearen esanetan. Gaur, astelehena, Iraurgik eginiko balantzean azpimarratu du kluba osatzen duten taldeek eman duten maila "gogoangarria" izan dela: "Hemen daramatzadan urte guztietan, ez dut gogoratzen aurtengoa bezalako denboraldi onik".

Zubizarretak azaldu du azken urte hauetako lanari esker, "harrobi mailan erreferentzi" bihurtu dela ISB kluba. Bigarren urtez jarraian, lau ekipo sartu ditu Iraurgik Euskadiko lau talde onenen artean, kadete eta jubenil mailetan. Horietako bitan txapeldunak izan dira (nesketan); eta Gipuzkoako finala jokatu dute infantilek, baita alebinek ere. Horrez gain, hainbat jokalari deitu dituzte Gipuzkoako, Euskadiko zein Espainiako selekzioetan jokatzeko ere. 

Horrez gain, ISBko senior taldeek emandako maila ere "ahaztezintzat" jo du Xubi-k. Adierazi du Azkoitia Azpeitia ISBk Lehen Mailako Lauko Finala jokatzeko txartela eskuratu zuela joan den astean, eta EBA mailara igotzeko aukera izango duela. Bestalde esan du Zilarrezko LEB ligako taldea ere, izandako arazoei aurre eginez, play-offetan sartzeko puntuan egon da. Zubizarretaren hitzetan, urte hasieran, egoera ikusita, "etxekoen alde" egin zuen apustu ISBek, eta Iker Buenoren, ligako entrenatzaile gazteenaren, esanetan ibili da taldea, eta hamargarren postua lortu du azken sailkapenean. Nabarmendu du "gogoangarria" izan dela Ibon Guridi azpeitiar gazteak eman duen maila, asteko bostekoan lekua eginez, behin baino gehiagotan.

Hala ere, esan du Iraurgiko ordezkariak, batez ere, "goraipatzekoa" dela, Zurt Taberna ISB nesken taldeak egin duen denboraldia. Emakumezkoen Lehen Mailako Lauko Finala jokatzeko txartela eskuratu zuen nesken taldeak, laugarren postuan amaitu baitzuen denboraldia. Azkenik, aukerarik ez zuten izan estatuko Bigarren Mailara igotzeko kanporaketak jokatzeko  final borrokatuaren amaieran bederatzi puntugatik ihes egin baitzien garaipenak. Hala ere, azpimarragarria da aurten lortutakoa, duela lau denboraldi sortu baitzen talde hori 20 urte nesken senior talderik gabe egon ondoren. 

Emaitza on horiez gain, "gauzarik garrantzitsuenetakoa entrenatzaileen maila ematen ari den gorakada" dela esan du Xubik. Koordinatzailearen hitzetan, "entrenatzaile gazte horiek, urteak entrenatzen eraman ahala, garapena izaten ari dira, taldeak gestionatzeko orduan". Hala ere, eskaini beharreko orduak direla medio, horretan dabilen pertsona kopurua "murritza" dela esan du, eta gogorarazi du "hor kopuru aldetik hutsune handia" dagoela. Zenbateko txiki horretan, emakumeen zenbakia "oso baxua" dela esan du Zubizarretak. Klub barruan, emakumeen "parte-hartze eza" azpimarratu du. Entrenatzaile postuaz gain, klubeko zuzendaritzan edo erabakietan emakumeen eskasia "aldatu beharreko zerbait" dela esan du Xubi-k. Eta nabarmendu du datorren urtera begira egongo den zuzendaritza prozesu berrian, arlo horretan, "aldaketa baten beharra" dagoela.

Instalazio gabezia ere izan du hizpide Jose Luis Zubizarretak. Haren ustetan, klubak dituen talde kopuruarentzat ez dago "behar adina" saskibaloi-kantxa.

Arazo ekonomikoak

Aurrera begira, esan du Zubizarretak klub horrek duen egitura mantentzeko behar den diru kopurua kontutan hartuta, babesle pribatu baten laguntzarik gabe aurrera egitea "ezinezkoa" dela. Haren hitzetan, iaz, ezbaian egon ondoren, zilarrezko LEB ligako taldea patrozinatzaile gabe atera zen arren, bigarren urtez horrelako egoera batean murgiltzea ezinezkoa da. Hori dela eta, aurten ere zalantzan dago Zilarrezko LEB Ligan taldea aterako den, eta proiektua bizirik mantenduko duen babesle pribatua aurkitzeko epea ekaina bukaera jarri du zuzendaritzak. "Borroka egiteari uzteko edo errenditzeko asmorik ez dugun arren, ez dugu gainontzekoa horrekin hipotekatuko. Gure lehentasuna beste bat da", esan du koordinatzaileak. Lehen taldeak garrantzi handia duela uste du Zubizarretak, hamabost egunetik behin 600 pertsonatik gora biltzen baititu Azpeitiko kiroldegiko harmailetan, baina haren ustez, "ezin dira gainontzeko gauzak utzi". 

Beraz, "itxaropentsu eta borrokatzeko gogoz" daudela azaldu du Xubik, eta gipuzkoar saskibaloi jokalariei deia zabaldu die, adierazi die Zilarrezko LEB ligan jokatzeko nahia baldin badute, beraiekin harremanetan jartzeko. Urola bailaran punta-puntako saskibaloia edukitzeko Iraurgi Saskibaloiak laguntza "beharrezkoa" duela nabarmendu du Zubizarretak.