Xumar Altzugarai eta Estitxu Fernandez: "Ezagutzen zutenek badakite zer nolako umiltasunez ibiltzen zen Benantxio Irureta"

Urola Kostako Hitza 2014ko mai. 16a, 12:18
Estitxu Fernandez eta Xumar Altzugarai. (Olatz Prat/ Hitza)

Urtebete eman dute Xumar Altzugaraik (Lesaka, 1985) eta Estitxu Fernandezek (Lesaka, 1975) Benan, mendia arnas dokumentala ontzen; zuzendaritzaz, irudiez eta muntaiaz arduratu da Altzugarai, elkarrizketez Fernandez. Benantxio Irureta zenaren mendiko lagunak ziren, eta haren izaeraren eta mendia bizitzeko moduaren miresleak. Halaxe dira elkarrizketatu dituzten hamar lagunak ere. Datorren ostegunean, maiatzaren 22an, estreinatuko da dokumentala, Soreasu Antzokian, Mendi Astearen barruan. Urola Kostako Hitza-k dokumentalaren egileak elkarrizketatu ditu.

Noiz sortu zen dokumental hau egiteko asmoa?

Xumar Altzugarai: Aspaldi sortu zen, egia esan, istripua baino dezente lehenago. Benantxio duela lau urte inguru ezagutu nuen mendi irteera batean, eta ordutik irteera dezente egin genituen elkarrekin. Lehen egun hartan harrituta gelditu nintzen: alde batetik, zuen sasoiarekin eta bestetik, ezezagun batekin, nirekin kasu honetan, hasierako momentutik izan zuen tratuarekin, bere izaera eta transmititzeko modu horrekin.

Denbora pasa ahala, pentsatu nuen mendia eta ikusentzunezkoak, nire bi afizio nagusiak, uztartzea. Pentsatu nuen polita izango zela mendia bizitzeko eta gozatzeko modu hori islatzeko dokumental bat egitea. Ideia zen irteera horiekin jarraitzea, kamerarekin joan eta lagun giro hori eta ardo botila kontu horiek grabatzea, dokumentalean agertzen direnak; Benantxio izango zen ardatza, bai, baina ez zen berari buruzko dokumental bat izango. Gero istripua suertatu zen, eta momentu batean noraezean gelditu ginen, ez genekien zer egin dokumentalarekin. Baina, egun batzuk pasata, argi ikusi genuen Benantxioren inguruko dokumentala izan behar zuela.

Hamar elkarrizketa bildu dituzue dokumentalean. Nola aukeratu dituzte elkarrizketatuak?

Estitxu Fernandez: Xumarrek esan duen bezala, egia da guk Benantxio azken lau urteetan ezagutu dugula eta ezagutu dugu berarekin garai honetan joaten zen jende multzo hori. Benantxiok, ordea, jende mordoa ezagutu du, mendia bizitzeko modu hori ehunka laguni transmititu dio eta bere bizitzako garai desberdinekin egon dira lotuta. Gu saiatu gara garai horietako bakoitza ordezkatuko luketen pertsonak topatzen. Bere familia eta lagunen artean joan gara erabakitzen zein izan zitezkeen pertsona horiek. Asko kanpoan gelditu dira, baina, nik uste dut daudenak oso garrantzitsuak izan direla bere bizitzan. Senitartekoak eta lagunak daude, eta denak berarekin mendira joan direnak dira.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko egin klik hemen.