Azpeitiarrek egindako 'Geurea' spotak irabazi du Euspot lehiaketako publikoaren saria

Uztarria.eus 2014ko mai. 16a, 13:41

Olaia Iraola eta Garazi Lazkano azpeitiarrak partaide diren Sortuz Sortzen taldeak egindako Geurea lanak irabazi du Euspot euskarazko spot lehiaketako hirugarren edizioko publikoaren saria. 1.600 bozkatik gora izan ditu lanak, sarean eta 500 euroko diru-saria bereganatu du taldeak. Spoteko protagonista ere azpeitiarra da; Pedro Otaegi aktorea, hain zuzen, eta Azpeitian grabatu dute ikus-entzunezkoa.

Pintxo-potea eta euskara gai hartuta antolatu dute aurtengo lehiaketa eta 22 lan aurkeztu dira guztira. Publikoaren sariaz gain, beste hiru sari banatu dituzte: Spotik onena, Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena eta 18 urtetik beherakoen saria. 

Lehiaketa horrek ikus-entzunezkoen eta euskararen sorkuntzaren arloan dagoen hutsunea betetzea, eta euskararen erabilera esparru guztietara zabaltzea ditu helburu. Antolatzaileak, HUHEZIko (MU) Komunikazio Departamentua, Aretxabaletako Udala eta Arteman Komunikazioa Koop. Elkartea, oso pozik agertu dira aurtengo edizioak izanda duen oihartzunarekin. 

Euspot lehiaketako bideo irabazleak eta informazio gehiago, hemen