Gaur bukatuko da Iraurgi Astea

Uztarria.eus 2014ko mai. 16a, 13:50

Astelehenean hasita, Iraurgi Astea ospatzen ari dira ikastetxean. Hainbat ekimen egin dute ikasle eta irakasleek aste guztian zehar, eta gonbidatu bereziak ere izan dituzte bisitan. Besteak beste, ipuin kontalariak, Oihana Blanco Orioko judoka eta Juan Mari Arruabarrena arkeologoa izan dira ikastetxean.

Gaur emango diote asteari bukaera, eta Cup Song-a egingo dute Betharrametako jolastokian, 16:45ak inguruan. Ikastetxeko ordezkariek azaldu dutenez, "ehunka ikasle eta irakaslek hartuko du parte ekimenean, eta edalontziekin musikaren erritmoa jarraituz eta koloretako elastikoak soinean dituztela, Iraurgi ikastetxearen ikurra osatuko dugu". Iluntzean, berriz, afari-merienda egingo dute ikastetxean bertan. Bestalde, gaur arratsaldean itxiko ditu ateak Betharrametako aretoan Platero y yo liburuaren eta bere egilearen inguruko erakusketak.