Bihotz-biriken suspertzearen eta desfibriladoreen inguruko ikastaroa antolatu du DYAk

Uztarria.eus 2014ko mai. 21a, 13:26
Ikastaroaren kartela.

Ekainaren 12an eta 13an izango da ikastaroa, Azpeitiko DYAko ordezkaritzan. 18:30etatik 21:00etara izango dira saioak, eta interesa duen edonork hartu dezake parte. Ez da beharrezkoa aurretiazko osasun ezagutzarik izatea.

Ekainaren 12an eta 13an, bihotz-biriken suspertzearen eta desfibriladoreen inguruko inguruko ikastaro teoriko-praktikoa izango da, DYAk antolatuta. Ikastaroaren helburuak dira bihotz-arnasketako geldialdia identifikatzea, oinarrizko bihotz-biriken suspertze (BBS) mugimenduak egitea eta DEA (Kanpoko desfibriladore automatikoak) erabiltzen ikastea. Ikastaroko ezaguerak "errazak, eskuragarriak eta erabilgarritasun handikoak" direla azpimarratu dute DYAkoek.

Bi saioak 18:30etatik 21:00etara izango dira DYAk Azpeitian duen eraikinean (Urola kalea), eta interesa duen edonork hartu dezake parte; bereziki, lanean pertsona ugari dagoen guneetan aritzen direnentzat dago zuzenduta. DYAk emango du ikastarorako beharrezko materiala, eta ikasleek ez dute aurretiazko osasun ezagutzarik izan beharrik. Parte hartzaile bakoitzak 90 euro ordaindu beharko du ikastaroa egiteko, eta taldeak mugatuak izango dira. 

Izena DYAren webgunean edo 943 46 46 22 telefono zenbakira deituta eman daiteke.