Udalak 350.000 euro bideratuko ditu sustapen ekonomikora

Uztarria.eus 2014ko mai. 23a, 18:33
IƱaki Portilla zinegotzia eta Eneko Etxeberria alkatea, sustapen ekonomikorako laguntzen inguruko azalpenak ematen. (Olatz Prat)

Azpeitiko Udalak enplegua sustatzeko, berrikuntzarako, formakuntzarako eta ekintzailetasunerako diru-laguntzak emango ditu aurten ere. 2014. ekitaldiariari dagokion deialdia aho batez onartu zuten Udaleko alderdi guztiek maiatzeko udalbatzarrean, aho batez. 

Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek maiatzaren 6ko udalbatzarrean onartu zuten, aho batez, iazko moduan, 2014ko aurrekontutik diru kopuru zehatz bat sustapen ekonomikora bideratzea. Azpeitiko enplegua bultzatzeko, berrikuntzarako, formakuntzarako eta ekintzailetasunera zuzendutako diru-laguntzetarako 350.000 euro ditu aurten Udalak. Gainera, teknologia zentro batekin hitzarmena sinatuko du Udalak hurrengo astean, eta hitzarmen hori tarteko, sustapen ekonomikora bideratutako 350.000 euro horietatik 115.000 euro inbertituko dituzte arlo horretan.

Lau lerrotan banatuko dituzte diru-laguntzak: industria proiektu estrategiko edo berritzaileak bultzatzeko; langabetuei formakuntza eskaintzeko eta enplegua sortu edo mantentzeko; enpleguaren sorrera duten proiektu ekintzaileak eta izaera soziala duten proiektuak bultzatzeko; eta merkataritzan eta lehen sektorean enplegua sustatzeko.

Ekonomia sustatzeko planaren xehetasunak

Esan bezala, lau lerro nagusi aurreikusi ditu Udalak ekonomia sustatzeko planaren barruko diru-laguntzak ematerakoan:

  • Industria proiektu estrategiko edo berritzaileak: Diru-laguntza honen onuradun izango dira 20 langile baino gutxiagoko enpresak, irabazi asmokoak edo irabazi asmorik gabeak, eta lantokia edo jarduera eremua Azpeitian dutenak. Proiektuek enplegua sortzeko edo mantentzeko sortutakoak izan beharko dute, eta proiektuek izaera estrategikoa, berritzailea eta interes publikokoak izan beharko dute; ikerketa proiektuak, berrikuntza eta garapen proiektuak, teknologia eta makinetan egiten diren inbertsioak... Udalak 80.000 euro bideratuko ditu esparru honetara, baina enpresa bakoitzak, gehienez, 8.000 euro jaso ahal izango ditu proiektuko, eta enpresako bi proiektu aurkeztu ahal izango dituzte. 

  • Langabetuen formakuntza eta lan baldintzen hobekuntza: Diru-laguntza hauek azpeitiarrak lan merkatuan sartzea ahalbidetzen eta lan baldintzak hobetzea helburu duten enpresek jaso ahal izango dituzte. Diruz lagunduko dituzte langabetuei formazio teoriko-praktikoa edo praktikoa soilik eskaintzen dieten (30 orduko formazioa, gutxienez) edo aldi baterako kontratupean dauden langileei kontratu finkoa egiten dieten enpresak. Udalak 80.000 euro bideratuko ditu lerro honetara, eta horrela banatuko dituzte laguntzak: formazioa eskaintzen duten enpresek, formazio ordu bakoitzeko eta ikasleko 9 euro jasoko dituzte, eta langabetuak kontratatu edo langileen baldintzak hobetu, eta langile horiei mugagabeko kontratuak egiten dizkieten enpresek, lanaldi osorako kontratuko 2.000 euro eta lanaldi erdirako kontratuko 1.000 euro eskuratuko dituzte.

  • Izaera sozialeko proiektuak: Diru-laguntza jaso ahal izango dute Azpeitiko irabazi asmorik gabeko elkarteek. Proiektuek ekintzaileak izan beharko dute, eta balio solidarioak, komunitarioak edo gizarte-justiziakoak barnebiltzen dituztenak. Enplegua sortzeko asmoa agertu beharko dute, baldin eta proiektua gauzatzeko langileak behar badituzte edo epe motzean enplegua sortuko dutela aurreikusten badute. Udalak 35.000 euro bideratuko ditu izaera sozialeko proiektuetara, eta proiektuko 10.000 euro jaso ahal izango dira.

  • Merkataritza eta lehen sektorerako laguntzak: Merkataritzako edo lehen sektoreko enpresek jaso ahal izango dute diru-laguntza. Langabezian dauden herritarrak kontratatzeagatik eta hiru hilabeteko kontratua egiteagatik, 600 euroko laguntza jasoko dute. Aldiz, sei hilabeteko kontratua egiten dutenek 1.200 euro eskuratu ahal izango dituzte. Merkataritza arloan lehiakortasuna bultzatzeagatik eta lehen sektorea sustatzeko ekintza edo jarduerak egiteagatik ere jaso ahalko dira diru-laguntzak: Interneten produktuak satzeko webgunea martxan jartzeagatik, gehienez, 600 euro banatuko dituzte. Lehen sektoreko produktuak kontsumitzen dituzten ostalariek, gehienez, 400 euro jasoko dituzte, eta lokaletako edo dendetako jarduerak behar berrietara egokitu (lokala handitu, negozio lerro berriak sortu, erakusleihoak berritu...) nahi dituztenek, berriz, 1.000 eurora arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute. Hori guztiaz gain, merkataritzako eta lehen sektoreko ekonomia aktibitateren bat Azpeitiko Alde Zaharrean jartzen dutenek, 3.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute proiektuko, gehienez.

Sustapen planeko laguntzaren bat jaso nahi dutenek Iraurgi Berritzenek Sindikatu Zaharrean dituen bulegoetara zuzendu beharko dute. Plana atzeraginezkoa da, eta 2014ko urtarrilaren 1etik urtea amaitu artean martxan jarritako proiektuen sustatzaileek izango dute laguntzak eskatzeko aukera. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, jarraipen zehatza egingo zaie laguntzei.

Ekintzailetasun zuzena

Horrez gain, Iraurgi Berritzen garapen agentziak Azkoitian eta Azpeitian ekintzailetasuna sustatzeko diru-laguntzak ere jarri ditu herritarren eskura. Hori dela eta, langabezian dauden eta enpresa berri bat sortzeko ideia dutenek 10.000 eurora arteko diru-laguntza jaso ahal izango dute, eta laguntza horiek iraurgi Berritzenen bitartez bideratuko dira. Hiru motatako diru-laguntzak jaso ahal izango dira: 2.500 euroko laguntza, edozein izaera juridikoko enpresa jarduera sortzeagatik; 5.000 euro edozein izaera juridikoko enpresaren jarduera gizarte ekonomiakoa bada (kooperatibak edo lan-sozietateak); eta, izaera estrategikoa edo berritzailea duten enpresa berrien sorrera bultzatzeko laguntza bereziak, gehienez 10.000 eurokoak.

Diru-laguntza hauek eskatzeko aukera izango dute 2014ko urtarriletik urtea amaitu bitartean martxan jarritako proiektuek.