Joseba Albizuk bigarren postua eskuratu du Los 10.000 del Soplao bizikletako mendi lasterketan

Uztarria.eus 2014ko mai. 26a, 19:36
Joseba Albizu, larunbateko lasterketan. (Oier Zenitagoia)

Txirrindulariak 7:01:36 denbora behar izan zuen 165 kilometroko proba amaitzeko, lehenarengandik lau minutu eta berrogeita hiru segundora iritsi zen.

Bigarren postuan helmugaratu zen Joseba Albizu Erreka Los 10.000 del Soplao mendiko bizikletako lasterketan, maiatzaren 24an, larunbatean, Kantabrian. 8:00etan hasi zen proba, eta lehen unetik hamaika txirrindulariko tropelak aurre hartu zuen. Albizuk hasieratik ikusi zuen "lehia" egongo zela lasterketan, eta bera "irabazleen artean" egon zitekeela. 90. kilometroan, lau pertsonek egin zuten aurrera, eta haien artean zegoen Azpeitiko txirrindularia. Azken aurreko mendatean, arazoak izan zituen katearekin Albizuk, eta bigarren postuari eutsi zion amaiera arte.

Joan den astean, erorikoa izan zuen Errekak La Rioja Bike lehiaketan, baina haren hitzetan, "sasoiko" irten zen larunbateko lasterketan. Hurrengo astean Bilbao Extrem proban parte hartuko du azpeitiarrak, eta El Soplaoko errepideko modalitatean, berriz, hemendik bi astera. "Aurtengo helburuetako bat da Soplaoko errepideko lasterketa irabaztea; 315 kilometroko proba da, eta uste dut lan ona egin dezakedala", azaldu du txirrindulariak. Ondoren, Pedals Foc lasterketa jokatuko du Albizuk, ekainaren 28an, Katalunian; eta Iron Bike mendiko bizikletako itzulian lehiatuko da, uztailaren 26tik abuztuaren 2a bitartean, Italian.

Honakoak dira larunbateko lasterketako lehen sei sailkatuen izen-abizenak eta denborak:

  • Aitor Kintana: 6:56:53.
  • Joseba Albizu: 7:01:36.
  • Oscar Velar: 7:05:30.
  • Brandan Marquez: 7:11:02.
  • Llibert Mill: 7:18:23.
  • Patxi Cia: 7:20:34.