Izarraizpe, hamaika koloretan

Urola Kostako Hitza 2014ko eka. 3a, 12:04
Hainbat jatorritako herritarren arteko harremanak sendotuko dituzte Ipakaren bidez. (Ane Olaizola)

Ipaka Izarraizpeko Aniztasun Kulturalaren Astea ari dira ospatzen eta hainbat ekimen izango da larunbatera bitartean, Azkoitian eta Azpeitian.

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek eta Elkar-ekin Azpeitiko taldeak elkarlanean, Ipaka Izarraizpeko Aniztasun Kulturalaren Astea prestatu dute datozen egunetarako. Bigarren urtez ospatuko dute egitasmoa, bailaran dagoen aberastasun kulturala gizartzeratzeko eta jatorri desberdineko herritarren arteko harremanak sendotzeko helburuarekin.

Gaurtik larunbatera bitartean, Azkoitian eta Azpeitian egingo dituzte ekintza guztiak. Aurreko urtean bezala, munduko hainbat kulturen topagunea da Ipaka. Izan ere, jatorri eta kultura anitzen bailara da Urola Erdia, eta horien guztien aitortza egingo dute egitasmoaren bidez. Ohiturak eta bizimoldeak partekatuko dituzte astean zehar, tailerren, solasaldien, musika saioen eta jan-edanaren bitartez. Izan ere, ostegunean eta larunbatean topaketak egingo dituzte, eta bertan Euskal Herriko, Pakistango, Senegalgo, Marokoko, Saharako nahiz Hego Ameriketako herrialdeak elkartuko dira jai giroan.

Herritar guztiei aitortza

Azpeitiko Elkar-ekin taldea izan da aurten antolatzaileetako bat. Ostegunean Aniztasun Topaketa egingo dute Azpeitian, Ipaka astearen barruan. Taldeak "garrantzitsutzat" jo du "adierazpen kulturalei lekua egin eta hainbat jatorritako herritarrei hitza ematea". Beraz, hango eta hemengo herritarrak batuta, elkar ezagutzea eta guztien arteko elkarbizitza bultzatu nahi dute saioen bitartez.

Elkar-ekin taldeak iazko urtearen amaieran jarri zuen martxan Jatorri Aniztasuna lantzeko lan-taldea, eta ordutik hainbat ekitaldi antolatu dituzte Azpeitiko taldeekin eta eragileekin elkarlanean. Gai horren lanketan parte hartzeko interesa duten guztiak gonbidatu dituzte taldera. Asteartero elkartzen dira, 19:00etan, Baigerako lokalean.

  • Ekainak 2, astelehena

- 21:00etan Lunada ilargipean irakurketa, Azkoitiko Intxaustiko parkean.

  • Ekainak 4, asteazkena

- 17:00etan umeentzat lantegia, Azkoitiko Elkargunean.

  • Ekainak 5, osteguna

- 19:30ean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, bideo emanaldia eta jatorri desberdinetako herritarrekin tertulia.

- 21:00etan Azpeitiko Udaletxe azpian, mural margotzea eta janari desberdinen dastaketa.

- 21:30ean Kontzertua, Tifariti Saharar taldearekin, Azpeitiko Udaletxe azpian.

  • Ekainak 6, ostirala

18:00etan Kantujira apaindutako karroza, Azkoitiko Balda Plazatik plaza nagusira.

  • Ekainak 7, larunbata

- Goizean zehar. Azkoitiko Balda Plazan jai herrikoia. Herrialde desberdinetako janari dastaketa.

- 16:00etan Batu taldearen kontzertua, Balda Plazan.

- 17:00etan Tocumah Reggae Band taldearen kontzertua, Balda Plazan.