Euskararen urratsak, ospeletik eguterara, Sanagustinen ikusgai

Uztarria.eus 2014ko eka. 3a, 18:47

Euskara ospeletik eguterara. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria erakusketa dago ikusgai Sanagustin Kulturgunean, ekainaren 6a bitartean. Erakusketa horrek biltzen ditu euskarak historian zehar pairatu dituen debekuak, zigorrak, errepresioa eta oztopoak. Historiaren kontakizuna osatzeko, herritarren testigantzak, legeak edota agintarien esanak bildu dituzte erakusketan.

Bestalde, antolatzaileek mahaia jarri dute herritarrek ekarpenak egin ditzaten. Norbere esperientzia edo istorioak idatz daitezke paper batzuetan, horrela, erakusketa osatzen joan dadin. Erakusketa amaitu ostean, ekainaren 11an, Dabid Anautek, Euskararen kate hautsiak. Hizkuntza zapalkuntzaren memoria liburuaren egileak, hitzaldia emango du, Sanagustin Kulturgunean.