Eusko Label Banakako Aizkora Txapelketako finalak izango dira zapatuan

Uztarria.eus 2014ko eka. 4a, 14:39
Aurkezpen ekitaldia.

Izarraitz pilotalekuan izango dira 19:00etan hasita, eta Urrezko, Gazte eta Gaztetxo mailetako finalak jokatuko dira.

2014ko Eusko Label Banakako Aizkora Txapelketako finalak izango dira larunbatean, ekainaren 7an, Izarraitz pilotalekuan. 19:00etan hasiko dira, eta hiru mailetako aizkolariak lehiatuko dira.

Urrezko mailan iazko finalean izan ziren hiru aizkolariak arituko dira. Maila goreneko finalean Etxarri Aranazko Floren Nazabal (iazko txapelduna), Bizkaiko txapeldun Aitzol Atutxa II dimaztarra eta Jon Rekondo leitzarra izango dira buruz buru.

Gazte mailan ere hiru aizkolari ariko dira nor baino nor: Aurtitzeko Ander Erasun (iazko txapelduna), Leitzako Ruben Saralegi eta Beizamako Eneko Otaño.

Gaztetxoen finala ere jokatuko da, eta Otsagabiako Iker Vicentek eta Julen Larrea III barakaldoarrak neurtuko dituzte indarrak.

Azpeitiko Udalak, ETBk eta Egur Sportek babestutako ekitaldia izango da zapatukoa.