"Boto askatasunaren aldeko jarrera" hartu du Azpeitiko EAJk, plaza eraberritzeko galdeketari dagokionez

Uztarria.eus 2014ko eka. 4a, 14:54
Pello Elorza eta Aitor Gorrotxategi Azpeitiko EAJko kideak.

Alderdian eta, oro har, herrian iritzi eta posizio desberdinak daudelako hartu dute erabakia. "EAJko afiliatuei eta alderdizaleei galdeketan bozka ematerakoan libre hautatzeko aukera ematea erabaki dugu, iritzi desberdinak daudelako herrian eta baita Azpeitiko alderdikideen artean ere", azaldu dute.

Azpeitiko EAJk plaza eraberritzeko herri galdeketaren inguruan bere jarrera azaltzeko agerraldia egin du gaur, asteartea, eta jakinarazi du "boto askatasunaren aldeko jarrera" hartu dutela galdeketaren harira. "EAJko afiliatuei eta alderdizaleei galdeketan bozka ematerakoan libre hautatzeko aukera ematea erabaki dugu, iritzi desberdinak daudelako herrian eta baita Azpeitiko alderdikideen artean ere", azaldu du Pello Elorza Azpeitiko EAJko presidenteak. Gaiaz "luze eta sakon" eztabaidatu dutela esan du, eta atzo egin zuten batzarrean hartu zutela erabakia.

Aitor Gorrotxategi jeltzaleen udal bozeramaleak ere hartu du hitza, eta galdeketarena "gai delikatua" dela, eta hargatik "ez gara posizionatu" azaldu du: "EAJko zinegotziok inoiz ez dugu erabakirik hartu plaza oinezkoentzat jartzearen gainean edota kioskoa utzi ala kentzeari dagokionez. Iruditzen zaigu gai horretan norberak hartu behar duela bere aukera askatasun osoz, bere arrazoiak kontuan izanda, eta jarrera hori berretsi du EAJren herriko batzarrak ere".

Era berean eskatu dio alkateari "ez dadila EAJren atzean ezkutatu" egin dituen aurkezpenetan "Udaleko hiru talde politikoek bultzatu dutela plaza oinezkoentzat jartzea eta kioskoa kentzea" esan duelako. "Hori gezurra" dela adierazi du, eta azpimarratu du "behin eta berriz" esan dutela, "azpeitiarrek, askatasun osoz, kioskoa mantentzearen aldeko jarrera hartzen badute, bere egiturak gaur egun duen egoeraren azerketa zorrotza nahitaez egin beharko dela, kioskoaren segurtasuna bermatzeko".

Markel Olanoren alde

Atzo EAJk egindako batzarreko gai bakarra ez zen herri galdeketa izan, eta jeltzaleek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko hautagaia aukeratzeko bigarren itzuliko bozketa ere egin zuten. Markel Olanoren alde egin dute Azpeitiko EAJkoek, eta bozketaren emaitza Gipuzkoako alderdikideei jakinaraziko dietela azaldu dute.