Gizarte zerbitzuetako laguntzak jasotzeak "betebeharrak" izango ditu aurrerantzean

Uztarria.eus 2014ko eka. 5a, 14:03
Leire Etxaniz eta Eneko Etxeberria diru-laguntzen berri emateko egin duten agerraldian.

Udalak herritarren beharretara bideratuko dituen diru-laguntzen nondik norakoak azaldu ditu. Gizarte Zerbitzuetako diru-laguntzez gain, etxebizitza alokairurako laguntzan ere eskainiko dituzte, aurrenekoz.

2014ko aurrekontuetarako aurreikusitako gizarte beharretarako udal diru-laguntzak eta Udal Etxebizitza Plana onartu zituzten pasa den asteartean egindako udalbatzarrean, aho batez. Gizarte laguntzetara bideratutako diru laguntzen eta Plan Estrategikoaren baitan sartu dituzte biak, eta diru-laguntzetara 129.000 euro eta Etxebizitza Planera 150.000 euro bideratuko ditu Udalak.

Eusko Jaurlaritzak Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako emandako diru partidaz gain, beste laguntza batzuk eskainiko ditu Azpeitiko Udalak. Eneko Etxeberria alkateak eta Leire Etxaniz zinegotziak azaldu dutenez, "krisiaren eraginak jasaten ari diren azpeitiarrei oinarrizko beharretan lagunduko diegu, baina herritarrek laguntzak jasotzeko eskubidea duten gisan, betebeharrak ere badituzte". Hori dela-eta, laguntza jasotzen duen herritarrek konpromiso orria bete beharko dute eta, besteak beste, euskara ikastaroak, herriko ekimenetan parte hartu edo Udalak antolatutako formazio ikastaroak egin beharko dituzte. "Diru-laguntza pasiboak izan beharrean, laguntza aktiboak izatea nahi dugu", gaineratu du Etxeberriak.

Lau motatako laguntzak eskainiko ditu Udalak: alokairua edo hipoteka ordaintzeko laguntza, mantenu gastuei (ura, argia, gasa...) aurre egitekoa, formaziorako laguntzak (30 urte baino gehiagoko eta bi urte langabezian dauden herritarrei ikastaroetako matrikularen %90 ordainduko zaie eta Azpeitik kanpo joan behar balute garraioa ordaintzen lagunduko zaie) eta oinarrizko beharretarako (arropa, elikagaiak, sendagaiak...) laguntzak. Diru-laguntza jasotzeko, hiru urtez Azpeitian erroldatuta eta Euskal Herrian sei urtez erroldatuta egon beharko dute eskatzaileek.

Laguntzen inguruko bilera informatiboa egingo dute udal ordezkariek, Azpeitia Lantzeneko kideek eta Gizarte Zerbitzuetako teknikariek hilaren 19an, osteguna, udaletxeko areto nagusian. 

Etxebizitza Plana

Udalak Etxebizitza Plana egin du, Etxeberriak esan duenez, "etxebizitzarekin arazo handia dago-eta Azpeitian. Azpeitiar gazteak gaizki ari dira pasatzen, eta oso zaila dute etxetik alde egitea". Horregatik, lehen aldiz, "alokairua sustatzeko" laguntzak eskainiko ditu Udalak. "Udalak etxebizitza arlora bere dirua bideratzen duenGipuzkoako herri bakarretakoa da Azpeitia", gaineratu du alkateak.

Azpeitian, gutxienez, hamar urtez erroldatuta daudenek, eta 18 eta 35 urte bitarteko herritarrek eskatu ahal izango dute laguntza. Beste laguntzarik ezingo dute jaso eskatzaileek, eta gutxieneko diru-sarrera edukitzea eskatuko ez duten arren, urtean, gehienez, 28.000 euro jasotzen duten herritarrek edo 35.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituzten bikoteek jaso ahal izango dute diru-laguntza. 

Ekiaina baino lehenagotik alokairuan dauden herritarrek, eta pisuagatik 650 euro baino gutxiago ordaintzen dutenek jaso ahal izango dute laguntza; gehienez, errentako 250 euro ordainduko dizkie Udalak. Aldiz, aurrerantzean alokairura joaten direnek, 550 euro baino gutxiagoko alokairua ordaindu beharko dute laguntza eskatu ahal izateko; horiei errentaren %50 ordainduko die Udalak, eta gehienez 250 euro jasoko dituzte.

Urriaren 15a bitartean eskatu ahal izango da laguntza, eta Etxebizitza Planera bideratuko duten zenbatekoa 150.000 eurokoa denez, urrian aztertuko du Udalak zenbat gastatu den ordura arte, eta zer egingo duten aurrerantzean.

Alokairuan diren etxeek gutxieneko baldintzak bete beharko dituzte, eta Udalak onartu berri duen ordenantzan daude eskakizun horiek zehaztuta.