Francking Ez mungimenduak aurkeztutako mozioa onartu du Udalak

Uztarria.eus 2014ko eka. 5a, 18:53

Bilduk eraman du mozioa udalbatzara, eta aldeko boza eman dio; EAJk aurka bozkatu du, eta abstenitu egin da Hamaikabat. Jeltzaleek beste mozio bat aurkeztu dute fracking-ari buruz: Hamaikabatek aldeko boza eman dio eta Bilduk, aurkakoa.

Fracking Ez taldearen mozioa eraman zuen Bilduk asteartean, ekainaren 3an, ohiko udalbatzarrera, eta talde politiko horren babesarekin onartu zuten idatzia. Eneko Etxeberria alkateak defendatu zuen biderik argiena dela natura babestea, eta azaldu zuen badagoela "nahikoa esperientzia" fracking-ari ezetz esateko. "Uste dugu ez dugula ikerketaren beharrik, estatu askotan debekatu baitute fracking-aren erabilera", esan zuen alkateak. Horrenbestez, Bilduko ordezkariek mozioaren alde bozkatu zuten, EAJk aurka, eta Hamaikabat, berriz, abstenitu egin zen.

Bestalde, EAJk ere aurkeztu zuen gai berari buruzko mozioa. Aitor Gorrotxategi EAJko bozeramaileak jakinarazi zuen ez dela "aditua" gai horretan, eta horregatik jarraituko dutela talde politikoaren jarrera orokorra. "Gu ikerketaren alde gaude, baina benetan herriarentzat txarra bada, argi dugu ez dugula fracking-aren alde egingo", adierazi zuen.

Aitor Aranguren Hamaikabateko zinegotziak esan zuen Fracking Ez taldearen mozioa "muturrekoa" dela. Haren ustez, EAJk aurkeztutakoa "aurreratuagoa" da: "Ikerketa ezin da baztertu. Noiz edo noiz, agian, egongo da aukera ingurumenari kalterik egin gabe gasa ateratzeko", azaldu zuen. Arangurenen hitzetan, hori da bi mozioen arteko desberdintasuna: Bilduk udalbatzara eramandakoak ateak ixten dizkiola ikerketari, eta EAJrena azterketaren alde dagoela. Beraz, EAJren mozioaren alde bozkatu zuen Hamaikabatek, eta kontra, berriz, Bilduk.

Honakoak dira maiatzaren 3ko, astearteko, udalbatzan bozkatu ziren mozioak:

Fracking ez mugimenduaren mozioa

Fracking Ez mugimenduak Azpeitiko Udaleko Osoko Bilkurari aurkezten dion mozioa haustura hidraulikoa ikertzeko abian dauden baimenen eteteari buruz

Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE) hidrokarburoak bilatzeko saiakera asko egon dira. Gure lurraldeak hidrokarburoetan aberatsak ziren beste lurralde batzuekin zituen antzekotasunengatik, petrolio enpresentzat zonalde interesgarria zirudien. Hainbat saiakera egon diren arren, ez dira inoiz izan uste bezain arrakastatsuak.

Hala ere, gasa metodo berrien bidez bilatzeko munduan zehar dagoen bolada berri baten ondorioz, gure lurraldea lehentasunezko eremua bihurtu da berriro. Ezberdintasuna, kasu honetan, zulaketa horizontala eta etapa anitzetako haustura hidraulikoaren arteko konbinazioan datza. Fracking bezala ezagutzen da teknika hau eta Ipar Ameriketan garatua izan da.

Eusko Jaurlaritzak sistema honen aldeko apustua egin du, horren froga nabariena SHESA, %100an diru publikoko enpresa, gure lurraldean eman diren hidrokarburoen ikerketa baimenen bultzatzailea izan dela da. Ez da interesa duen enpresa bakarra, baina bai bere baimenekin lurralde eremu handiena hartzen duena.

Egitasmo hau 2005ean hasi zen, hainbat baimenen eskaerarekin, horietako lehena 2006an eman zelarik. Enara deritzon baimena ezagunena bada ere, 2014ko apirilean EAE-n emandako 11 baimen daude (Ebro A, E, D, Libra, Usoa, Enara, Mirua, Usapal, Urraca, Geminis eta Saia) eta eskatutako eta emateko tramitean dauden beste 6 (Pegaso, Lurra, Lore, Galileo, Sustraia, Landarre) ere. Baimen guzti hauek EAE-n zati handi bat hartzen dute: Arabaren %88a, Bizkaiko %78a eta Gipuzkoako %40a inguru.

Teknika hauek erabili diren zonaldeetan hainbat arazo sortu dira, hala nola edateko uraren kutsadura, mugimendu sismikoen agerpena, airearen kutsadura, lurren okupazio eta putzuen inguruan bizi diren biztanleengan osasun arazoak besteak beste. Gaur egun, fracking-ak dakartzan ondorio kaltegarriak hainbat txosten eta ikerketa zientifikoetan erraz egiaztatu daitezke

Hau dela eta fracking-a egiten ari diren edo egiteko asmotan dauden lekuetan biztanlegoaren aurkako jarrera gero eta nabarmenagoa da. Instituzioetan ere hasia da islatzen aurkakotasun hori, eta hainbat lekuetan fracking-a mugatzen edo debekatzen dituzten, adierazpenak, galdeketak, legeak eta abar onartuak izan dira. Adibide gisa, Vermont estatuak, AEB-etan edo estatu frantziarrak, europan, fracking-a debekatu dute beraien lurraldeetan. Guregandik gertu, Nafarroan, Errioxan eta Kantabrian fracking-a debekatzen duten lege autonomikoak onartu dira. Eta estatu espainiarrean 400 udalerritik gora izan dira bere burua "fracking gabeko udalerria" bezala izendatu direnak.

Teknika hau sortzen ari den arazoen aurrean, eta berauek agertzeko dagoen aukera aurreikusi eta eragozteko xedez, mozio honen helburu da udalerri honen mugen barruan teknika honen erabilera galaraztea.

Horrengatik guztiagatik, Udalbatza honi aurkezten diogu akordio proposamen hau eztabaidatua eta onartua izan dadin:

1.- Azpeitiko Udalbatzak fracking-aren bitartez aztertu, ikertu edo ustiatu daitezken hidrokarburo ez konbentzionaletarako Ikerketa Baimen guztiak bertan behera geratzea eskatzen dio Hidrocarburos de Euskadi enpresa publikoari.

2.-Azpeitiko Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio fracking-aren aurkako iritzia dela eta, jarrera aktiboa har dezan Azpeitia “Fracking gabeko Udalerri” izendatuz eta, ondorioz, “Fracking ez” seinalea udalerriaren sarreran jarriz.

3.- Fracking-aren debekua eskatzen duen Herri Ekimen Legegilearen helburuarekin bat egiten duenez, Azpeitiko Udalbatzak udaletxeko harrera bulegoetan sinadurak jasotzeko orriak izango ditu eta herritar guztiak sinatzera gonbidatuko ditu.

EAJren mozioa

Hainbat ikerketetan  adierazi dutenez Euskadin "gas ez konbentzionala" edo "shale gasa" edo "eskisto gasa" deiturikoaren gordekin zabala dago egun, mundu mailako merkatuetan iraultza sortzen ari den energia lehengaia.

Euskal Erkide Autonomoaren geografia eremuan, gas ez konbentzional honen hobi garrantzitsua izateak, eta beronen erauzketa bat egiteko aukera kontutan hartuko balitz, horretarako aplikatu ohi den fracking teknologia aplikatzearen inguruan sortu den eztabaidaren aurrean, lehengai honen litekeen ustiapen honek, gure inguruan sortu ahal izango lituzkeen ondorio ekonomikoak, gizarte ondorioak eta ingurugiroarekiko errespetu zorrotzak ebaluatzeko orduan, gardentasun, ardura eta zorroztasunez jokatzera behartzen ditu erakunde publikoak.

Zentzu honetan Azpeitkiko Udalak, aintzakotzat hartzeko edozein energia gordekin gure inguruan, gure komunitatearen garapenerako estrategikotzat hartu behar dela uste du, edozein erakunde arduradunen eginbeharra izanik ere, ahal den xehetasun handienez behatzea, lehengaiaren gaitasun eta garrantzia ezagutzea, baita litekeen erauzketa eta ustiapen horrek lekarkiokeen edozein motatako eragina ere.

Zentsu honetan, eta guztion ongizatearen alde egitearekin hartutako konpromisoa betez, Azpeitiko Udalak.

Adosten du:

Lehena: Ingurumenaren arautegiaren eta zuhurtzia oinarrien arabera, gas ez konbentzional hobi hauen ikerketa eta miaketa egitasmoak egitea, onartzea eta, hala erabakitzen bada, horiek garatu daitezen eskatzea, guzti hau ingurumen ondasunen babes estandar zorrotzenak errespetatuz, eta batez ere lurrazpiko akuiferoen eta hauen zama-guneenak, eta Red Natura 2000 espazioak. Hau bete dadin, egitasmo eta baimen horiek, ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozedurak bete beharko dituzte, nahiz eta indarrean dagoen legearen arabera beharrezkoa izan ez.

Bigarrena: Eusko Jaurlaritzari,gas ez konbentzionalaren erauzketarako fracking edo apurketa hidraulikoaren teknikaren bilakaeraren egoera aztertuko duen Zientzia Batzorde Independente bat sortzeko eskatzea. Aipatu zientzia Batzordeak, unea iristen bada, erauzketarako ingurugiro arautegi zehatza proposatuko du. Gainera, dauden teknika hoberenak direla eta erauzketa egitea proposatu litekeen kokapenei buruzko aurre analisia egin ostean, lan hauek burutzeko beharrezkoak izango diren baldintzak eta mugak ezarriko ditu, dena den, ingurugiroan sor daitezkeen eraginak ebaluatzeko ezinbesteko prozedurak bete beharko dituzte.  

Hirugarrena: Ikerketa eta miaketaren emaitzen arabera, eta bideragarritasun ekonomikoa, oinarritu eta justifikatu ondoren, etorkizunean, gas ez konbentzionalaren erauzketari ekiteko aukera planteatuko balitz, baliabide honen erauzketarako izaera mugagabeko luzamendua adieraztea. Luzamendua, altxatzeko, aurretik aipaturiko Zientzia Batzordearen aurre informea beharko da, beti ere, energia erreserba horien balizko erauzketak eragindako ingurugiro ondasunetan sortutako ondorioen edo eraginen zuhurtasun-printzipioa eta ziurtasun zientifikoa, errespetatzen baditu.