Futbolaren bueltan, festa giroa izango da bihar Azpeitian

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2014ko eka. 6a, 12:19
Lagun Onakeko kideak, AZTEko kideak eta Lagun Onak Egunean parte hartuko duten herritarrak, atzo egindako agerraldian.

Bihar, zapatua, Lagun Onak Eguna ospatuko da Azpeitian. Goizetik gauera, Garmendipe futbol zelaian eta, herrian, festa eta futbola izango dira nagusi. Gazteek, helduek, neskek eta mutilek, denek izango dute euren tokia herriko futbol klubaren egunean.

Bi futbolari ohik botako dute festa hasierako suziria: Tomas Orbegozo azpeitiarrak eta Bixente Oiartzabal urrestildarrak, hain zuzen. Beste izen propio batzuk ere izango dira larunbatean, hala nola sinadurak banatzen ariko diren Eibar taldeko jokalariena edo ia 40 urtez Garmendipeko atezaina izan den Rodrigo Carrascosa; bera izango da aurtengo omendua, eta klubeko kideen eta herritarren aitortza eta berotasuna jasoko du larunbatean.

Goizean zehar taberna, tonbola eta denda ipiniko dituzte Garmendipen bertan, eta Eneritz Albizu kazetaria ariko da hizlari lanetan.

Doinu berriak punk-rockean

Gauean musikak hartuko du herriko plaza, izan ere hiru talde igoko dira oholtzara. Verräter azpeitiarrak, The Grace of Dionisius zumaiarrak eta Arkada Social arrasatearrak; azken horiek euren azken lana aurkeztuko dute, Hil arte bizi izenekoa.

Verräter talde azpeitiarrak bere bigarren kontzertua eskainiko du larunbatean, joan den astean Orkatz tabernan debuta egin ostean. 15-16 urteko lau mutilek osatzen dute: Manex Odriozolak (ahotsa), Gaizka Arruek (gitarra), Ibon Aiertzak (baxua) eta Iratz Urangak (bateria). "Urtarrilean hasi ginen entseatzen, martxoan Gaztetxean egin zen Bertsio Gauean parte hartzeko asmoarekin", azaldu du Lagun Onakeko futbolari ere baden Urangak. Ordutik euren kantuak sortzen eta gustuko dituzten taldeen bertsioak prestatzen dihardute. Punk-rocka egiten dute, Never Surrender, Deskontrol nahiz Arkada Social taldeen estiloari jarraiki. Azken hauen kontzertuak "behetik ikustetik, eurekin oholtza konpartitzera pasatzea izugarria" dela aitortzen dute. Ilusioa eta gogoa bermatuta daude kontzertu horretan. Aurrera begira asmo argi bat dute Verräter taldekoek: herrian eta inguruetan "kontzertuak eman eta ondo pasatzea".

Lagun Onak Egunaren egitaraua

09:00-12:00. Futbol eskolakoen partidak egingo dituzte Garmendipen.
10:00. Txupinazoa Garmendipe futbol zelaian. Tomas Orbegozok eta Bixente Oiartzabalek botako dute.
11:15. Emakumezko beteranoen futbol partida: Lagun Onak-Anaitasuna.
11:15. Lagun Onak alebinen arteko partida.
10:30. Eibar taldeko jokalariekin sinadurak eta argazkiak.
11:45. Herri-kirol apustua.
12:30. Gizonezko beteranoen futbol partida, Lagun Onak- Real Sociedad.
13:00. Beteranoen partidaren atsedenaldian, Rodrigo Carrascosari omenaldia.
15:00. Bazkaria, Sanagustin kulturgunean.
16:30. Sari banaketa. 2013-2014 denboraldiko Lagun Onak talde bakoitzeko jokalari onenari eta golegile handienari.
18:00. Kalejira, Azpeitiko kaleetan barrena, Elektrox TTek-ekin.
23:00. Kontzertuak: Verräter, The Grace of Dionisius eta Arkada Social taldeak.