Josu Albero: "Beste erritmo batekin, baina sendo jarraituko dugu"

Urola Kostako Hitza 2014ko eka. 9a, 15:17
Azpeitiarrak giza katean.

Atzoko giza katearen arrakastagatik gustura da gaur goizean Josu Albero Azpeitiko Gure Esku Dago taldeko kidea. "Jende askok zoriondu gaitu, baina ez gaituzte gu zoriondu behar: atzoko arrakasta denon kontua izan da, azpeitiarren eta euskal herritarren meritua da", azaldu dio Urola Kostako Hitza-ri.

Gure Esku Dago-ko 200 talde daude Euskal Herrian. Atzo 123 kilometro luzeko giza kate bat egiteko asmoarekin sortu ziren taldeak, baina argi dute lanean jarraituko dutela. Hala azaldu dio Alberok Urola Kostako Hitza-ri: "Giza katea abiapuntua izan da, hori argi genuen hasieratik. Orain beste erritmo batekin, baina sendo jarraituko dugu erabakitzeko eskubidea gauzatu arte. Gu baikorrak gara".

Ez zuten espero atzo horrenbeste jendek parte hartuko zuenik giza katean. Azpeitiarrek bete behar zuten 46. kilometroan, esaterako, 1.595 pertsona zenbatu zituen Alberok berak. "Jendetza ikaragarria egon da". Horregatik, balorazioa "oso ona" da.

Datozen pausoak

Hurrengo pausoa, giza katea eta haren inguruko lana baloratzea izango da. Ekainaren amaieran batzar bat egingo dute Gure Esku Dago taldeek. "Orain arteko ibilbidea baloratuko dugu. Hau abiapuntua izan dela argi dugu, eta espero dugu dinamikak indar handia hartzea orain".

Udazkenean batzar zabalagoa egitea da mugimenduaren asmoa. "Batzar handi bat egin nahi dugu, eta espero dugu 2015ean ildo estrategiko bat finkatuta edukitzea".