Laura Olaizolak eta Ioritz Galarragak irabazi dute Gipuzkoako Bikote Gazteen Dantza Sueltoko Txapelketa

Uztarria.eus 2014ko eka. 9a, 15:15
Laura Olaizola eta Ioritz Galarraga txapelketako une batean (Suelto txapelketak webgunea)

Zapatuan izan zen txapelketa Trintxerpen, eta Gorka Kerejetak eta Ania Irigoienek hirugarren postua lortu zuten. Anaitz Lizartza eta Itziar Bastida izan ziren txapelketako bikote gazteenaren saria jaso zutenak.

Azpeitiarrak nagusitu ziren pasa den larunbatean, ekainaren 7an, Bikote Gazteen Dantza Sueltoko Gipuzkoako Txapelketan. Ioritz Galarraga eta Laura Olaizola gailendu ziren Trintxerpen ospatu zen jaialdian, eta Ania Irigoien eta Gorka Kerejeta azpeitiar bikoteak hirugarren postua lortu zuen. Horrez gain, Itziar Bastida eta Anaitz Lizartza azpeitiarrak izan ziren txapelketako bikote gazteena eta horri dagokion saria jaso zuten.

Aipatzekoa da txapelketan aritu ziren 14 bikoteetatik zortzi azpeitiarrak zirela, eta beste bi bikotetako partaide bana ere azpeitiarrak ziren.