Dabid Anaut: "Bizirik irauteko erregaia badugu, baina horrek asetzen gaitu?"

Uztarria.eus 2014ko eka. 9a, 13:57
Anaut, 'Euskararen kate hautsiak' liburuaren egilea.

Hizkuntza lotzen gaituen soka dela esan ohi da, baina Dabid Anautek (Burlata, 1968) nahiago du kateez hitz egitea: euskara lotzen eta askatzen duten kateez. Anaut da Euskararen Kate hautsiak. Hizkuntza Zapalkuntzaren Memoria liburuaren egilea, eta historian zehar euskarak pairatutako erasoak jaso ditu lan horretan. Iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatzeko, Euskara ospeletik eguterara hitzaldia eskainiko du gaur, asteazkena, egileak, Sanagustin Kulturgunean, 19:00etan.

Euskararen kate hautsiak da zure liburuaren izena. Izenburuan, zer irudikatzen du kateak?

Bi gauza irudikatzen ditu, eta biak oso desberdinak dira. Batetik,  euskararen zapalkuntzaren isla da. Euskararen katea, transmisioa, nola hautsi zen erakutsi nahi izan dugu. Bestalde, euskalgintzak emandako erantzuna irudikatzen du: nola eutsi izan zaion euskarari urteetan. Izan ere, euskararen herriak lortu zuen euskara lotzen zuten kate horiek haustea. Euskararen kate hautsiak dira hizkuntza lotzen dutenak eta askatzen dutenak.

Herritarren adierazpenak, artikuluak eta elkarrizketak bildu dituzue liburuan. Errazagoa da kontaketa osoa eta benetakoa egitea iturri asko erabilita?

Bai, jakina. Gainera, uste dugu ariketa kolektiborik gabe liburua ezinezkoa izango litzatekeela. Erakunde batzuek aurretik eginiko lanaz baliatu gara, eta euskalgintzari ere eskatu diogu laguntza. Asko lagundu digute, kolaborazioak ere izan ditugu eta alde guztietatik laguntza jaso dugu. Herritar askoren hitzak jaso ditugu, eta hori beti da aberasgarria.

Euskararen aldeko eta aurkako indarrak bildu dituzue liburuan. Gaur egun hain nabarmenak dira bi jarrera horiek?

Bai, bi jarrerak ditugu oraindik. Batzuetan ematen du kontrako jarrera hori leundu egin dela, formetan aldatu egin delako. Hala ere, euskararen kontrako zapalkuntza ez da desagertu. Horregatik, liburuan atal bat dugu XXI. mendeko egoerari eskainia. Jazarpena ez da amaitu, baina euskararen aldeko lanak ere hor dirau. Bi indarrak aktibo daude.

Etorkizunean ere antzekoa izango da egoera?

Epe motzean ez da aurreikusten aldaketarik. Hala ere, komenigarria izango litzateke euskararen kontrako mugimenduak indargabetzea, eta aldekoak indartzea. Zenbat eta indar gehiago egin euskararen alde, orduan eta gehiago kikilduko dira kontra daudenak. Orain arte euskararen aldeko atxikimendua izan da hizkuntzaren iraupenaren gakoa, eta hori indartu behar dugu aurrera egiteko.

Esan ohi duzu euskarak behera egin duela, oro har. Nori atxiki diezaiokegu hori?

Pentsa daiteke iraupena ia miragarria izan dela. Faktore asko daude, baina liburuan zapalkuntza zuzenaren faktorea nabarmendu nahi izan dugu. Beste aldagai batzuk dira, adibidez, hedabideak, industrializazioa, populazioaren mugimendua, estatuen esku-hartzea, konkistak… Hala ere, zapalkuntzaren faktorea garrantzitsua da; izan ere, horrek ahalbidetu du berez neutroak izan zitezkeen taldeak eta pertsonak hizkuntzaren aurka jartzea.

Liburuan omenaldia egiten zaie euskararen alde lan egin duten banakoei eta taldeei. Gaur egun, ikusten duzu lehen bezalako indarra euskalgintzaren aldetik?

Baietz esango nuke. Gainera, heziketan eta formazioan irabazi egin dugu. Hala ere, larritasun momentuetan sortutako txinparta itzalixeago ikusten dut nik. Esate baterako, 60ko hamarkadan bultzada handia egon zen, eta loraldia eman zuen horrek. Erlaxatuta gaude, eta sortu egin beharko genuke argi izpi hori. Hori gabe, eutsiko diogu, baina kosta egingo da aurrera egitea.

Eustea eta aurrera egitea aipatu dituzu. Non dago irautearen eta bizitzearen arteko muga?

Desberdintasuna honakoa da: iraupena egote hutsada da, eta bizitzea, berriz, garapena eta berreskurapenarekin dago lotuta. Hiztun talde bezala bizirik irauteko erregaia badugu oraingoz, baina horrek asetzen gaitu? Gure aspirazioa ez da bizirik irautea, osasuntsu eta sendo bizitzea baizik; espainiarrak Cuencan edo alemanak Berlinen bezala, gure hizkuntzan. Gaur egun irauteko aukera dugu, baina horrela asko kostatuko zaigu euskararen lurraldean eroso eta lasai euskaraz bizitzea.

Euskal erakunde publikoen jarrerari buruz zer balorazio egin daiteke?

Alde handiak daude, baina egiten dena ez da aski kasurik onenean ere. Jaurlaritzak du, agian, politika aurreratuena hizkuntzari dagokionez, baina ez da gutxiengora iristen. Zenbait udal salbuespenak diren arren, oraindik, bultzada handia behar du euskarak erakunde publikoen aldetik.

Herritarrei dagokionez, zer jarrera hartu beharko lukete?

Herritarrei gure ardurak onartzea dagokigu, norbanako bezala. Aktibazioa behar da, berrindartzea. Badaude, noski, euskaltzaleak gure artean, baina hau ez da euskaltzaleen borroka soilik, denek egin behar dute gogoeta. Aldeko jarrera orokor samarra da, baina erabakiak eta ekintzak behar dira hemen; izan ere, hizkuntza politika ez da soilik erakundeen kontua. Alde gaudela esatearekin, gure buruarekin pozik gelditu gaitezke, baina hori ez da bidea.

Azpeiti bezalako udalerri euskaldunek zer ardura dute euskararekiko?

Azpeitia eta horrelako udalerri euskaldunak euskararen gotorleku izan dira, eta bide horretatik jarraitu behar dute. Hala ere, ezin diegu eskatu normalizazioaren zama beraiek soilik garraiatzea. Azpeitiaren egitekoa da arnasgune izaerari eustea, eta euskararekin duen lotura bermatzea. Euskararentzat garrantzitsua da lurralde finkatuak izatea, horiek zabaltzen joan daitezen. Beraz, Azpeitia bezalako herriak erreferentzia eta eredu dira, eta haiei begira daude beste herri batzuk. Azpeitiak erakusten du, beste udalerri batzuen artean, nola bizi daitekeen euskaraz herri batean.