Zestoan izango da Aldundiaren partaidetzazko aurrekontuen lehentasunak zehazteko bilera

Urola Kostako Hitza 2014ko eka. 10a, 10:52

Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako ekarpenak jasota, lehentasunak zehaztuko dituzte orain. Horretarako, eskualde mailako bilera egingo dute gaur, asteartea, 19:00etan, Zestoako udaletxean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014ko partaidetzazko aurrekontuak abian jarrita ditu, eta dagoeneko bailarako herritarren proposamenak bildu dituzte. Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako ekarpenak jasota, lehentasunak zehaztuko dituzte orain. Horretarako, eskualde mailako bilera egingo dute gaur, asteartea, 19:00etan, Zestoako udaletxean.

Bertan, herritarrek egindako proposamen guztiak aurkeztuko dituzte, eta herritarrei interesgarriak iruditzen zaizkien proiektuak identifikatu eta bozkatuko dituzte. Era berean, joan zen urteako partaidetzazko aurrekontuetan aukeratu ziren zazpi ekimenen egoera azalduko dute. Eskualdeko 70 herritarrek beraien proposamenak aukeratu dituzte partaidetzazko tailerretan, internet bidez edo postontzietan utzitako inprimakien bitartez. Heritarren Partaidetzarako Foru Zuzendaritzak adierazi duenez, "tailerretara etorri diren herritarren artean, oso jarrena ona, positiboa eta eraikitzailea ikusi dugu oro har".

Biharko bileran, Urola Erdian egin diren 140 proposamenen artean, 20-30 lehenetsiko dira. Arlo guztietako proposamenak bildu dira baina, ingurumena, mugikortasuna, turismoa eta gizarte zerbitzuetakoak izan dira proposamen gehienak.

Aldundiak herritar guztiak gonbidatu ditu bileran parte hartzera. Aldi guztietako informazio gehiago jasotzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen prozesuaren webgunean begiratu daiteke.