Plazaren eraberritzeaz asteburuan egingo den galdeketan botoa eman ezin duenak, egunotan du horretarako aukera

Uztarria.eus 2014ko eka. 10a, 15:03

Ostiraletik igandera bitartean izango da plaza nola eraberritu erabakitzeko herri galdeketa, eta dagoeneko hasi dira bozkak etxez etxe banatzen (udaletxean ere eskuratu ahal izango dira). Galdeketak hauteskunde formatua izango du, eta ekainaren 13tik 15era udaletxeko areto nagusian ipiniko dituzte bozka emateko mahaiak. 09:00etatik 20:00etara eman ahal izango da botoa, baina asteburuan bertaratu ezin dutenek egunotan (gaurtik ostegunera bitartean), 09:00etatik 14:30era bitartean, dute bozkatzeko aukera udaletxean bertan. 16 urtetik gorako azpeitiar guztiek hartu ahal izango dute parte galdeketan; 12.071 lagunek, hain zuzen. 

Emaitzak galdeketa bukatzean, igande gauean, emango ditu Udalak. 20:00ak pasatxoan, hautesontziak ixtean, parte-hartze datuak jakinaraziko dituzte. Udalak boto zenbaketa 23:00etarako bukatzea aurreikusten du, eta igande gauean emaitzen berri emango dugu Uztarria.com-en. Horrez gain, Azpeitia.net webgunean eta sare sozialetan ere argitaratuko dituzte emaitzak.

Dagoeneko hasi dira asteburuan bozkatu ezin duten herritarrak botoa ematen. (Argazkia: Azpeitiko Udala)