EH Bilduk adierazi du herri galdeketa politika egiteko modu berriaren eredu dela, eta herritarren ahotsa dela oinarria

Uztarria.eus 2014ko eka. 11a, 18:26
EH Bilduko kideak, plazan.

Talde politikoa sustatzen ari den politika eredu berriaren erakusle da herriaren iritzia kontuan hartzea, beraz, uste du "ezinbestekoa" dela asteburuan herritarrak boza ematera joatea. Plaza oinezkotzea, berriz, Alde Zaharra biziberritzeko proiektuaren oinarria eta abiapuntua da Azpeitiko EH Bildurentzat.

EH Bilduk herritarren parte hartzea jarri du politika egiteko eredu berriaren erdigunean. Gaur, asteazkena, emandako prentsaurrekoan, talde politikoak adierazi du Udalaren egunerokoan "ezinbesteko" lekua egin behar zaiela herritarren iritziei eta iradokizunei. Horregatik, garrantzitsua da haientzat herritarren parte hartzea plazaren inguruko galdeketan.

Horrez gain, ordezkariek adierazi dute Alde Zaharra oinezkotzea proiektu orokor baten oinarria dela. "Ezin dugu urrats isolatu gisa kokatu, proiektu integral bateko oinarrizko elementua baita", esan dute. Beraz, EH Bilduren helburua da pertsonei "lehentasuna" ematea, autoen aurrean.

Talde politikoak argi adierazi du zein den beraien xedea: "Herriko plaza herriaren benetako bihotza bilakatzea da helburua, eta Alde Zaharreko kaleak bihotz horren arteriak izatea". Haien ustez, denen ardura da Alde Zaharra biziberritzea, eta bihotzera zein arterietara "odola modu eraginkorrean hedatzea". Horrenbestez, Sanagustin Kulturgunea, parke estalia eta berdura plaza lehen sektorearen, nekazarien eta abeltzainen, gune izango lirateke.

Beraz, jakinarazi dute lehen urratsa dela plaza oinezkotzearena, eta norabide berean "urrats gehiago emateko konpromisoa" erakutsi dute, hainbat herritarrek horrela eskatu duelako. Bestalde, EH Bilduk nabarmendu du udal gobernuan gehiengoa duen arren, galdeketa egitea erabaki dutela: "Herriak hitz egin dezala, eta izan dadila politika egiteko modu berri baten abiapuntua".

EH Bilduren aldizkaria gaur banatuko dute, etxez etxe.