Arrosa kolorez margotu dute puntu beltza

Uztarria.eus 2014ko eka. 12a, 19:40

Kolore alaiz margotzen ari dira Azpeitiko puntu beltza, hau da, Jose Artetxe kaletik Sanjuandegira doan lurpeko pasabidea. Puntu beltza deitu diote bideari, herritar asko ez direlako ausartzen gauez handik pasatzera. Puntu Beltzaren identifikazioa eta margotzea Iraurgi Ikastetxeko Mare More taldeak antolatutako egitasmoa da, eta dozenaka lagun bildu dira lur azpiko bidea leku "atseginagoa" izan dadin. Iraurgiko zazpi ikaslek osatzen dute emakumeen erasoen aurkako taldea: Amaia Loiolak, Sara Sudupek, Nora Ugartetxeak, Inge Oiarzabalek, Leire Peñak, Garazi Etxeberriak eta Izaro Lizuriak. Haien laguntzailea da Haizea Egiguren, hark lagundu baitie ekimena egiteko baimenak eta atxikimendua lortzen.

Ikaskide batek sexu erasoa pairatu zuenean sortu zuten Mare More taldea ikastetxeko zenbait gaztek. Ordezkarien hitzetan, eraso bat "hain gertu" ikusi zutenean ohartu ziren kontu horren garrantziaz. Beraz, talde bat antolatzea erabaki zuten, eta ordudanik jolastorduetan bildu ohi dira ekintzak antolatzeko eta erabakiak hartzeko. "Zer egin genezakeen pentsatzen hastean, pasabide honekin oroitu ginen. Polita litzateke herritarrak hemen lasai ibiltzea; izan ere, askotan errepidetik pasa behar izaten dugu kaletik auzora joateko".  Bestalde, gazteek adierazi dute, "emakume bezala", "kezka handia" sentitzen dutela kalean bakarrik ibiltzean, eta bide horretatik pasatzeko, oro har, laguntza eskatzen dutela. "Etxekoak ere arduratuta egoten dira gure zain", esan dute. Taldeak eraso sexista guztiak gaitzesten ditu, eta ikasturtea amaitzera doan arren, datorren urtean lanean jarraituko dutela jakinarazi dute.

Eragileek bat egin dute

Herriko eragile batzuk ere gehitu zaizkie Mare Moreko ikasleei. XJ Auzolanean taldeko kideak pasabideko hormak margotzen ari ziren. Ainara Larrañaga taldeko ordezkariaren hitzetan, kaletik Sanjuandegira pasatzeko "bide nagusia" da lur azpiko bide hori, eta beharrezkoa da herritar guztientzat egokitzea. "Gu ere askotan joaten gara etxera errepidetik, pasabide honetatik ez pasatzeagatik", jakinarazi du.

Maite Segurola Bilgune Feministako kidea ere pasabidea margotzen ari zen, lagun batzuekin batera. Egitasmoa "oso positiboa" dela nabarmendu du Segurolak. "Ikasturte hasieran gertatu zen erasotik beraien alternatibak bilatu dituzte gazteek, eta aurrera egiten jakin izan dute", esan du Segurolak. Lanean ari ziren gizonei buruz ere hitz egin du Bilgune Feministako kideak: "Sistema aldatzea denon ardura da, emakumeena eta gizonena. Elkarlan hau da behar duguna".

Mare More taldeak bideoa egin zuen emakumeen eguna hamabi hilabeteetako egun guztietan izan dadin, hemen ikusgai.